Su artifizialek eta Sagueseko kontzertuek izan dute arrakasta gehien Aste Nagusian
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, guztira 1.133.000 pertsonak hartu dute parte Donostiako Aste Nagusian antolatutako 400 ekitaldi baino gehiagotan.
Festa Jardueretako zinegotzi Jon Insaustik azaldu duenez, “hiriak kalera atera du ospatzeko eta ondo pasatzeko gogoa”, eta parte-hartze jendetsuari esker “donostiarrek handi egin dute euren astea”. Asteazkenean eta ostegunean, eguraldi txarrak agendaren zati handi bat bertan behera uztera behartu zuen. Hala eta guztiz ere, jai-guneek ematen dituzten zifrek erakusten dutenez, donostiarrak udako jaietan murgildu dira berriro.
Su Artifizialak eta Sagueseko kontzertuak dira onarpen handiena duten bi ekitaldiak. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 488.000 pertsona inguruk jarraitu dute astean zehar piroteknien nazioarteko lehiaketa. Lau egunetan ehun mila pertsona inguru bildu ziren (larunbata, igandea, astelehena eta ostirala), eta amaiera “bikaina” izan zen ikuskizun piromusikalarekin, 110.000 pertsona bildu baitziren.
Asteartean 85.000 lagun inguru bertaratu ziren, baina asteazkenean saioa bertan behera utzi behar izan zuten eta ostegunean, eguraldiaren ezegonkortasunaren ondorioz, jende gutxi atera zen kalera suak jarraitzera. Bestalde, 25.000 pertsona baino gehiago izan dira zezenketetan.
Insaustiren arabera, Saguesen 74.500 lagun inguru bildu ziren kontzertuetan. Izarok 11.000 pertsona bildu zituen; La M.O.D.Ak 12.000; Ariel Rotek eta Kiko Venenok 11.000; ZETAKek 13.500 pertsona; asteazkenean eta ostegunean Mitin eta Ana Guerraren kontzertuak bertan behera geratu ziren; ostiralean Green Valleyk 9.000 pertsona bildu zituen, eta Gatiburen jaiaren amaiera izan zen kontzerturik jendetsuena, 18.000 pertsona baino gehiagorekin.
Hasierako Kanoikada eta Artillero, ondorengo Holy Fest-ekin batera, 16.000 pertsona inguruk jarraitu zituzten. Txistulari Alardeak 2.000 lagun bildu zituen Konstituzio Plazan. Gainera, 175.000 pertsona inguruk parte hartu dute Kongresu Jauregiaren inguruan antolatutako hitzordu eta gune ezberdinetan: Bertan egindako Disko Festan, milaka gaztek musikaz “espazio seguru batean” gozatu ahal izan dute.
Aurtengoan ere, erraldoiek eta buruhandiek arrakasta handia izan dute kalean egindako emanaldietan. 42.000 lagun inguruk egin zuten bat konpartsarekin.
Lehiaketa gastronomikoek ere harrera ona izan dute, baita kirol-lehiaketek ere, batez ere hondartzan antolatutako Waterpolo txapelketak.
Gainera, Pasealeku Berriko eta Artzain Oneko azoka-esparruek milaka pertsona batu dituzte, eta aurten ere gune jendetsuenetako bi izan dira. Festek hainbat auzotan izan duten presentziari esker, pertsona askok beren ingurune hurbilenean gozatu ahal izan dituzte. Hala, Groseko Katalunia Plazako jarduerek edo Antigua edo Amaran antolatutakoek hiri osora zabaldu dute jai-giroa.
Insaustiren hitzetan, Piraten jarduerak astean zehar ere alaitasuna eta umore ona ekarri du, Piraten Abordatzea “hitzordu izarra” izanik, badiara iritsi eta hiria umorez eta dibertimenduz bete zuten ehunka gazteei esker.
Alderdi negatiboari dagokionez, zinegotziak emakumeei egindako ziztadengatik eta abusuengatik jarritako salaketak aipatu ditu, eta mahai gainean jarri du lanean jarraitu behar dugula “jaiak leku segurua izan daitezen parte-hartzaile guztientzat”.