'Tom eta Jerry' edo 'Space Jam' haurrentzako Zinemaldian
Donostia Zinemaldiak, irailaren 16tik 24ra, familientzako bost pelikula aurkeztuko ditu Principe zinema-aretoetan. Bertan animaziozko hiru film eta teknika hori benetako irudiarekin nahasten duten beste bi film aurkeztuko dituzte. Filma horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema Euskaraz programaren esparruan. Proiektatuko diren filmak honako hauek dira: Oltxiak, Trash, Tom eta Jerry, Space Jam: aro berria eta D’Ortagnan eta hiru Mosketxakurrak.
Oltxiak (Die Olchis), Toby Genkel alemaniarrak zuzendutako filmean, inoiz inon ongietorriak izan ez diren izaki berde bitxi batzuk aurkezten zaizkigu; izan ere, usain txarra darie oltxiei, baina egun batean Kiratserriko zabortegian etxea aurkitu dutela pentsatuko dute. Trash filmean berriz, Francesco Dafano eta Luca Della Grotta italiarrek kartoizko kaxa hautsi baten abenturak kontatzen dituzte. Protagonistaren bizitza aldatu egingo da Spark kutxa ezagutzen duenean. Txikiagoa da Spark, eta edozein hondakin aprobetxa daitekeela konbentzitzen saiatuko da adiskide berria.
Tom eta Jerry (Tom & Jerry) filmak animazioa eta benetako irudia nahasten ditu, eta Hanna-Barberak sortutako bi pertsonaia horien ibilerei jarraitzen die. Tim Storyk zuzendutako filmean, Chloë Grace Moretz, Michael Peña eta Rob Delaney aktoreek antzeztutako hezur-haragizko pertsonaiak mundu animatuko katu eta sagu ospetsuenekin nahasten dira. Space Jam: aro berria (Space Jam: a New Legacy) filma estatubatuarrak ere marrazkiak benetako pertsonaiekin nahasten ditu; Malcolm D. Leek zuzendutako pelikulan, LeBron James NBAko superizarra Bugs Bunnyren eta Looney Tunesen unibertso magikoan sartzen da.
Azkenik, Toni Garcíak zuzendutako D’Ortagnan eta hiru Mosketxakurrak (D’Artacán y los tres Mosqueperros) ekoizpen espainiar-indiarrak osatuko du Haurrentzako Zinema saila; Alexandre Dumas idazleak bere garaian sortutako heroi klasikoak txakur bihurtu zituen 80ko hamarkadako marrazki bizidunen telesail ospetsuan oinarrituta dago filma.