Turismo eredua birplanteatu behar dela adierazi du EH Bilduk
Eustatek turisten sarrerari buruzko uztaileko datua argitaratu du, eta aurreikuspen guztiak “erabat” hautsi direla adierazi du Donostiako EH Bilduk. Azaldu duenez, 2019arekin alderatuta %20ko igoera gainditu da (ekainera arteko joera %10ekoa zen).
EH Bilduren arabera, “neurri zehatzak” behar dira, une honetan Donostia dagoen lekutik igaro diren beste hiriek izandako “esperientziatik ikasiz”. “Izan ere, ez dago hiririk urteroko %10 eta %20 arteko igoera iraunkorra jasan dezakeenik. Eta ez dezagun ahaztu joera hazten jarraitzea dela, datozen hilabete eta urteetan milaka turismo-plaza gehiago irekiko baitira Donostian”, adierazi du.
Turisten sarreraren “hazkunde mugagabea” ez da aukera bat, udal taldearen iritziz. “Horrela, Donostiako Turismo Plan Zuzentzailea eguneratzeari buruzko eztabaida irekita dagoela aprobetxatuz, inoiz baino beharrezkoagoa da orain arte gaizki egin dena zuzentzea. Eta landu beharreko gaien artean, jakina, tasa turistikoa dago”, nabarmendu du.
EH Bilduk gogoratu du tasa turistikoaren aldeko apustua egin zuela 2017ko uztailean aurkeztutako Donostia eta donostiarron neurrira izeneko turismo ereduari buruzko proposamenean. “Gure proposamenaren arabera, tasak progresiboa izan behar du, gehien duenak gehiago emateko eta, beraz, establezimenduaren «izarrengatik» kobratu beharko litzateke”, adierazi du.