91 lagun atxilotu dituzte Aste Nagusian
Aste Nagusian Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 350 salaketa zenbatu dituzte eta 91 pertsona atxilotu dituzte. Delituen balantzea, pandemiaren aurreko bi urteekin alderatuta, 2019koen ia antzekoa da, eta 2018an baino askoz txikiagoa. 2019ko Aste Nagusian 349 salaketa egon ziren, baina nabarmen txikiagoa 2018an erregistratutakoa baino, 504 salaketa egon baitziren. Atxiloketei dagokionez, aurten kopurua pandemia aurreko bi urteetako Aste Nagusian baino altuagoa izan da. 2019an 37 atxiloketa egon ziren eta 2018an berriz, 46 izan dira. Aurtengo 91 atxiloketetatik Ertzaintzak 54 egin ditu eta Udaltzaingoak 37 pertsona atxilotu ditu. Horietaz gain, 36 pertsona gehiago daude atxilotu gabeko ikertu gisa; 2019an 22 egon ziren eta 2018an 17 izan ziren.
Donostiako Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia den Martin Ibaberen arabera, zenbaki horiek, adierazten dute “Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ezarritako segurtasun-operatiboak ondo funtzionatu duela, salatutako delituei eustea eta atxiloketak asko handitzea suposatu duelako”. Salaketa gehienak lapurretengatik izan dira, 220 hain zuzen ere. 2019an 236 lapurreta salatu ziren eta 2018an, berriz, 368 izan ziren. Bestalde, partikularren aurkako erasoek gora egin dute. Horrela, 18 salaketa erregistratu dira, 2019an 12 izan zirenean eta 2018an 13 salaketa. Familia-eremuko erasoek edo tratu txarrek ere gora egin dute, 11 salaketara iritsiz, 2019an 5 eta 2018an 4 izan zirenean. Atal honetan, Errondo pasealekuan emakume bati ustez bikotekideak labankadaz egindako erasoa sartzen da eta ustezko erasotzailea atxilotu eta kartzelan sartu zen. Ziztaden kasuan berriz, bi salaketa formal erregistratu dira, baina beste hainbat kasu gehiago ikertu egin dira.
Sexu askatasunaren kasuan, aurten ez da salaketarik erregistratu eta, hortaz, beherakada bat izan da gainontzeko urteekin alderatzen bada. 2019an salaketa bat erregistratu zen eta 2018an bi salaketa egon ziren. Sexu askatasunaren aurkako delituei dagokienez, beherakada bat izan da ere: joan den astean bi salaketa aurkeztu ziren, hiru 2019an eta bost 2018an.