Donostiako Musika eta Dantza eskolak irailaren 12an hasiko du ikasturtea
Donostiako Musika eta Dantza eskolaren ikasturterako matrikulazioa irekita dago eta 175 eskola egun ezarriko ditu, irailaren 12tik ekainaren 23ra. Gabonetako oporrak 2022ko abenduaren 21etik 2023ko urtarrilaren 6ra arte ezartzen dira, ikasleak beraz, urtarrilaren 9an itzuliko dira ikasgeletara. Bestalde, Aste Santuko oporrak 2023ko apirilaren 3tik apirilaren 14ra izango dira. Eskola abuztuaren 22an irekiko da eta irailaren lehena arte 8:00etatik 14:00etara zabalik egongo da musika ikasi edo kontsultatu nahi duen hiritarrentzako. Irailaren 1etik 8ra 8:00etatik 19:00etara egongo da irekita eta irailaren 12an aldiz, ohiko ordutegia ezarriko da, hau da, 8:00etatik 22:00etara. Administrazioa eskola-egunetan 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara irekita egongo da eta eskola-eguna ez direnetan berriz, 9:00etatik 14:00etara.
Musika eta Dantza eskolak itxaron zerrendarik gabeko espezialitateetako plaza hutsak eskaintzen ditu. Hiru eta zazpi urte bitarteko ikasleentzat, eskolak plaza hutsak ditu hainbat auzotako taldeetan, Herreran, Altzan, Añorgan, Antiguan, Intxaurrondon, Salaberrian, Urbietan eta Loiolako Erriberetan, esate baterako. Gainera, Herrerako egoitzak instrumentu bat ikasteko aukera eskaintzen du, horien artean, biolontxeloa, kontrabaxua, tronpeta, tronboia, tuba, bonbardinoa, flauta, saxofoia, perkusioa eta bateria. Atotxan dagoen eskolaren egoitza nagusiak aldiz, plaza hutsak eskaintzen ditu hainbat instrumentutan. Dantzaren kasuan berriz, Dantza Klasiko, Dantza garaikide eta Euskal Dantzako talde batzuetan oraindik ere aukera dago izena emateko. Plaza eskaintzaren zerrenda eta matrikulatzeko aukera esteka honetan duzue.