Irizarrek zaborra biltzeko bi kamioi elektrikorekin hornituko du udala
Donostiako Udalak hiri-hondakin solidoak biltzeko bi kamioi elektrikorekin hornitzeko kontratua esleitu dio Gipuzkoako Irizar enpresari. Miguel Angel Diez Hiri Mantentzeko zinegotziak adierazi duenez, “Donostia izango da, horrela, zaborra biltzeko flotan kamioi guztiz elektriko bat duen lehenengo euskal hiria”. Diezek azpimarratu du kamioiak % 100 elektrikoak eta zero isurketakoak direla, eta 2023aren amaieran iritsiko direla hirira. Irizar enpresa orain hasi da kamioi horien fabrikazio lanetan eta edukiontziak albotik kargatzeko sistema izango dute. Kamioien luzera 9,2 metrokoa izango da eta azken belaunaldiko bateriak izango dituzte, 306.9 kWh-ko ahalmena dutenak eta lanaldi oso baterako energia ziurtatzen dutenak. 360 kW-ko gehieneko potentziadun motor elektriko batek propultsatuko ditu, 9.140 kilo hondakin arteko karga erabilgarria izango dute, eta 19,9 m3-ko zama-edukiera.
Josu Letonak, Irizar ie Truck proiektuaren arduradunak adierazi duenez, “harro gaude bi kamioi elektriko horiek Donostiarentzat egiteaz, Ormaiztegiko ekoizpen-instalaziotik 50 kilometro eskasera baitago”. Letonak azaldu du ibilgailu egokia dela hirietan eta metropoli-eremuetan ibiltzeko, hiri garbiago eta seguruago bat eta donostiarrentzat ingurune jasangarriago bat lortzen laguntzen baitu, eta horretarako kamioiak xehetasun ugari ditu, hala nola, kabina zero emisiokoa izatea edo zarata maila txikia izatea. Kabina, gainera, hiri-aplikazioetarako bereziki diseinatua dago. Lau lagunentzako lekua du, eta maila bakarra; modu horretara, ibilgailuan sartzea errazten du. Ate pneumatiko bat du barrurantz, kalean oztoporen bat badago ere langileak eragozpenik gabe mugitu ahal izango direla bermatzeko. Eserlekuetako batzuk tolesgarriak dira, eta, beraz, horiek jasotzen direnean oztoporik gabeko korridore bat sortzen da. Gidariaren eserlekua behean dagoenez eta aurreko eta alboko beirak zabalak direnez, ikusangelu zabala du beste ibilgailuak, txirrindulariak, oinezkoak eta erabiltzaileak ikusteko. udaletik adierazi dute iaz, kamioia hainbat astez egon zela probak egiten hirian, eta emaitzak oso onak izan zirela.