'Oroimenaren ibilbidea' bisitaldi antzeztuetan izen emateko epea, zabalik

Aurten ere, Donostiako Udaleko Eskubide Zibilen Bulegoak martxan jarri du berriro Oroimenaren ibilbidea programa, matxinada militar frankistan gure hirian gertaturikoa gertutik ezagutarazteko asmoz.
Udalaren arabera, 36ko gerraren hondamendiak “zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei” egindako omenaldi bat dira bisitak. “Gure historian kapitulu triste bat izandako lekuak eta pertsonaiak oroimenean gordetzen lagunduko digu”, ohartarazi du.
Ildo horretan, Ane Oiarbide Eskubide Zibilen zinegotziak honakoa adierazi du: “Iragana ezagutzea, batzuk ez nahasten saiatzen direnen arren, funtsezkoa da oraina ulertzeko. Diktadura sufrimendu handia izan zen donostiar gehienentzat, jazarpena, kartzela eta kasu askotan beren bizitzarekin ordaindu zutenak. Ibilbide hauek gure historiaren garai hura erakusten dute, bizitako leku eta gertaera nagusiak”.
Bi antzezlek garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dituzte, Xabier Lopez Askasibarrek idatzitako gidoiari jarraituz; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arte.
Doako ibilbidea da eta Easo plazako kioskoan hasiko da. Ondoren, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea eta Maria Kristina hotelaren inguruak bisitatu ostean, Zurriolako zubiaren inguruan amaituko da.
Iraileko larunbatetan izango dira bisitak, egunean bi saio, bata eguerdiko 12:00etan eta bestea arratsaldeko 18:00etan. Irailaren 3an eta 17an euskaraz izango dira, eta irailaren 10ean eta urriaren 1ean, gaztelaniaz.