22 lanek hartuko dute parte Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean, tartean, mundu mailako estreinaldi batek
Zabaltegi-Tabakalera sailak hainbat zinema jaialditatik datozen obren hautaketa bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizio honetan. Lehiazko sail irekienean (izan ere, ez du estilo- edo denbora-mugarik), Santiago Lozak mundu mailako estreinaldi gisa erakutsiko du lan berria Ruth Beckermann, Lee Chang-dong, Bi Gan, Natalia Lopez Gallardo eta Hlynur Palmason zinemagileekin batera. Sailean, oraingoz 22 lanek hartuko dute parte: hamahiru film luzek, zortzi film laburrek eta film ertain batek.
Santiago Loza argentinarra (Cordoba, 1971) Amigas en un camino de campo film luzearen mundu mailako estreinaldiarekin itzuliko da Zinemaldira, eta adiskidetasunari, denboraren iragaiteari eta absentziari buruzko istorio bat kontatuko du pelikula horretan.
Ruth Beckermann (Viena, 1952) zinemagile austriarrak Josefine Mutzenbacher (1906) eleberri erotikorako hurbilketa garaikide bat egin du Mutzenbacher bere film luze berriaren bitartez.
Laura Citarella argentinarraren (La Plata, 1981) lan berria Trenque Lauquen da, Veneziako Orizzonti sailean parte hartuko duen filma, bi zatitan banatua, emakume baten desagerpen misteriotsutik abiatzen dena.
Andres Di Tella argentinarra (Buenos Aires, 1958) Diariosekin itzuliko da, BAFICI jaialdiaren azken edizioan estreinatutako pieza laburren sorta bat.
Anders Emblem norvegiarrak (Alesund, 1985) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du bere bigarren filmarekin. Hala, A Human Position bidegabekeria bat deskubritu eta bere bizitza pertsonala beste ikuspegi batetik aztertzen hasiko den kazetari baten erretratua da.
Natalia Lopez Gallardo boliviarrak (La Paz, 1980) Manto de gemas filma zuzendu du. Mexikoko krimen antolatuaren indarkeria aztertzen du egilearen lehen film luzeak.
Dylan Southern (1977) eta Will Lovelace (1978) britaniarrek Meet Me in the Bathroom sortu eta Sundancen estreinatu zuten. XXI. mendearen hasierarako atzera begirako bat da filma, New Yorken garai hartan zegoen musika-agertokirako bidaia da, hain zuzen ere, The Strokes, LCD Soundsystem, Yeah Yeah Yeahs eta beste hainbat musika-talde nagusi zirela.
Locarnoko zinema-jaialdian izan ondoren, Ann Oren (Tel-Aviv, 1979) zinemagileak fikziozko bere lehen film luzea erakutsiko du Donostian; bizkarrean zaldi-buztan bat ateratzen zaion emakume bat da Piaffe pelikularen protagonista nagusia.
Thomas Salvador frantziarra (Paris, 1973) Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da, dena utzi eta Alpeetan kokatzea erabakitzen duen ingeniari paristar bati buruzko La montagne film luzearekin.
Cyril Schäublin suitzarrak (Zurich, 1984) zuzendari onenaren saria lortu zuen Berlinaleko Encounters sailean, baita film onenaren saria ere Jeonjuko zinema-jaialdian, Unrueh bere bigarren film luzearekin. Erlojuen fabrikazioan diharduen eta mugimendu anarkistak indarra hartzen duen XIX. mendeko herri txiki batean girotuta dago egilearen fikziozko lan berria.
Aurten Peter Strickland britainiarra (Reading, 1973) Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da berriz film labur berri batekin: Blank Narcissus lanean film pornografikoen zuzendari beterano batek bere iragana gogoratzen du.
Hlynur Palmason errealizadore islandiarrak (Sveitarfélagið Hornafjörður, 1984), bestalde, bi lanekin hartuko du parte aurten Zabaltegi-Tabakalera sailean. Batetik, bere hirugarren film luzea aurkeztuko digu, Godland. Bestetik, Nest film laburra ere erakutsiko du egileak.
Las criaturas que se derriten bajo el sol Cannesko Semaine de la critique atalean programatua eta maitale ohiari bisita egitera doakion emakume trans baten istorioa kontatzen diguna, Diego Cespedes txiletarraren (Santiago, 1995) film labur berria da.
Lee Chang-dong hegokorearra (Daegu, 1954) Zinemaldian izango da berriz Heartbeat film laburrarekin. Hego Koreako zuzendariak Jeonjun estreinatu zuen lan hau, eta atzera begirako bat eskaini zion zinema-jaialdi horrek.
Bi Gan (Kaili, 1989) errealizadore txinatarra aurten Po sui tai yang zhi xin maitagarri-ipuin pertsonalarekin izango da, Cannesko zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialetik igaro ondoren.
Rotterdamgo eta Melbourneko jaialdietan aurkeztua, Nowhere To Go But Everywhere film laburra 2011n Japonian jazotako tsunamian emaztea galdu zuen gizon baten dramara gerturatzen da. Zuzendariak Erik Shirai (Chicago, 1984) eta Masako Tsumura (Tokio, 1973) dira.
Horrez gain, Zabaltegi-Tabakalerak Naname no rouka film ertaina ere izango du, Takayuki Fukata japoniarrarena (Yokohama, 1988).
Zabaltegi-Tabakalera sailean, orobat, jada iragarri diren lau film hauek hautatu dira: Elena Lopez Rieraren El agua; Cerdita, Carlota Peredaren lehen film luzea, eta Kimuak programako hautatu ziren bi film labur, batetik, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, lehiaketaz kanpo erakutsiko dena, eta bestetik, Estibaliz Urresolaren Cuerdas.