Añorga KKE-ren mendeurrena borobilduko dute
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak 100 urte beteko ditu igandean, hilaren 28an, eta mendeurrena ospatzeko festa handia egingo dute auzoan. 10:00etan, eskertzak eta omenaldiak egingo dituzte Cementos Rezola enpresan; 11:15ean, eskertzak eta omenaldiak Antxon Aiestaran Kultur Etxearen kanpoaldean; 13:00etan, Ertizka Otxotearen emanaldia Harrobiaren plazan; 14:00etan, elkarteko zuzendaritza batzordeko kideen soka dantza Harrobiaren plazan, 14:30ean, herri bazkaria frontoian eta 17:30ean, azken omenaldia frontoian. Ondoren, Gari DJ-a arituko da auzoa girotzen.
Aurretik, ordea, mendeurrenarekin lotutako beste hainbat jarduera antolatu dituzte: bihar, hilaren 25ean, Jurgi Erkizak kontzertua eskainiko du Jolas Etxean, 19:30ean. Ostiralean, Bertsolari Txapelketako saio simulazioa egingo dute Antxon Aiestaran Kultur Etxean, 18:00etan. Eta, larunbatean, auzolanean egin duten egurrezko parkea inauguratuko dute 17:00etan, eta haurrentzako merienda eta jolasak izango dituzte. Buruhandiak eta erraldoiak aterako dira 18:00etan, eta zumba saioa egingo dute 19:00etan. 20:00etan igoko dute mendeurrena ospatzeko bandera, eta 21:00etan elkartearen 75. urteurreneko antzerkia proiektatuko dute Jolas Etxean.
Hala ere, Añorga KKE-koek urtebete daramate mendeurrena ospatzen, iazko abuztuaren 28an hasi baitziren. Horrela, azken urtean, elkarteko atal bakoitzak bere jarduerak eta omenaldiak antolatu ditu. Hain zuzen ere, hedabide honek mendeurrenari buruzko erreportaje zabala argitaratuko du ostiralean.