'Kutxidazu bidea, Ixabel', 'Losers' eta 'El beso de la mujer araña' antzezlanak ikusgai, datorren astean
Hiru antzezlan aurkeztuko dira Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean datorren astean, abuztuaren 30etik irailaren 4ra. Sarrera guztiak salgai daude dagoeneko Donostia Kulturaren webgunean.
Abuztuaren 30ean eta 31n, Kutxidazu bidea, Ixabel musikala eskainiko dute Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan. Juan Martin, donostiar gaztea, mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskara maila hobetzea helburu hartuta. Han dagoela, abesti eta abesti artean, egiaztatuko du baserrian bizi direnek darabilten euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin.
Irailaren 1etik 4ra, Jon Plazaolaren eta Aitziber Garmendiaren Losers antzezlana ikusteko aukera izango da Victoria Eugenia Antzokian, 20:00etan hau ere. Imanol eta Sara adinean aurrera doaz, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe. Horregatik euren buruak galtzailetzat dituzte eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala.
Azkenik, irailaren 2tik 4ra, El beso de la mujer araña antzezlanaz gozatzeko aukera izango da Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Kartzelan, Molina eta Valentin ziega berean daude. Molina emakume bat da gizon baten gorputzean, adingabe bat seduzitzeagatik kartzelaratua. Valentin, berriz, mundua aldatu nahi duen ekintzaile politiko bat da, itaunketetan tortura jasan duena. Errealitatetik ihes egiteko, Molinak film zaharrak gogoratzen ditu, eta hartara, haien protagonista eta bigarren mailako pertsonaiekin identifikatuz, gogoeta egiten dute beren bizitzaz eta beren izaera politiko eta sexualaz.