Murrizketarik gabeko lehen abuztuaren 31 izango da
Abuztuaren 31n, urteroko legez, 1813an Donostiak jasandako erreketak eta suntsipenak oroituko dituzte Parte Zaharrean. Aurten pandemia osteko lehen Abuztuaren 31 izango da, inolako murrizketarik gabe, azkeneko bi urteetan ez bezala. Ekitaldiei goizeko 11:30etan emango zaie hasiera, San Bizente Elizan, aliatuen tropek hiria hartu eta suntsitu zutenean eroritakoen omenez egingo den mezarekin. Mezaren ostean, 12:45ean, udal agintariek, Parte Zaharreko danborradetako ordezkaritza batekin batera, lore eskaintza egingo dute Itsasoko Atean (Portaletasen). Arratsaldean, 17:00etan, oroitzapen desfilea eta hirian gertatutako erasoa eta suntsipenaren antzezpena izango dira ikusgai. Desfilea, Zuloaga plazan hasiko da eta Parte Zaharreko hainbat kaleetan barrena abiatuko da.
Ekitaldiko une garrantzitsuena danborradak Bulebarreko kioskoaren aurrean elkartzen direnean eta minutu bateko isilunea egiten dutenean gertatuko da. Ondoren San Sebastian Martxa joko dute. Gauean, 21:30etan, hiriko eliza ezberdinetatik kanpai hotsak entzun ahal izango dira, eta Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztuko dira. Zuzien argitan zeremonia martxa egingo da, San Bizente ataritik hasiko dena, Donostiako Ereserki Zaharraren doinuaz, eta Santa Maria elizaren atarian amaituko da, Jose Maria Usandizagaren Abuztuaren 31ko hildakoen martxaren airea lagun. Gainera, abuztuaren 25etik 30era, erakusketa eta hitzaldiak antolatu ditu Donostiako Udalak, San Jeronimoko hitzaldi aretoan: abuztuaren 26an D.R. Guirao Larrañagak La batalla de San Marcial (1813) hitzaldia emango du; 29an D. J. J. Pi Chevrotek Las fortificaciones de San Sebastián, eta 30ean D. J. Mª Leclercq Sáizek, El asalto del 31 de agosto.
Jarraian duzue egitaraua:
- 11:30. Elizkizun Nagusia San Bizente elizan, Easo Araoz Gazte abesbatza, Aiert Beobide dantzaria eta Udaleko Txistulari taldea.
- 12:45. Lore eskaintza Itsasoko Atean (Portaletas).
- 17:00. Patiñako elkarteak Koruko Ama Birjinaren plazatik Zuloaga plazaraino hurbildu.
- 17:15. Indar aliatuak Kursaaletik Zuloaga plazaraino hurbildu.
- 18:00. Urteurreneko desfilea Zuloaga plazatik irten.
- 19:00. Minutuko isilunea Bulebarreko kioskoan.
- 19:00. Sutan fikziozko film laburraren proiekzioa San Jeronimo aretoan. Proiekzioaren ondoren, mahai ingurua Naia Artzamendi zuzendari eta gidoilariarekin eta beste bi lagunekin.
- 19:30. Bretxako erasoa eta hiriaren okupazioa itxuratu.
- 21:00. Gazteluaren erasoa eta Donostiaren erreketa Zuloaga plazan antzeztu.
- 21:30. Kanpai hotsak hiriko eliza desberdinetan eta Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztea. Zuzien argitan zeremonia martxa abiatuko da San Bizente elizako ataritik, Donostiako Ereserki Zaharraren doinuaren laguntzarekin, eta Santa Maria elizaren atarian amaituko da, Jose Maria Usandizagaren Abuztuaren 31ko hildakoen martxaren airea lagun.