'Sutan' filma estreinatuko da abuztuaren 31ko ospakizunen baitan
Donostiako San Jeronimo aretoan, abuztuaren 31n, 19:00etatik aurrera Sutan film laburra estreinatuko da. Filma abuztuaren 31ko ospakizunen baitan estreinatuko da eta Donostiaren historiako gertaera lazgarrienetarikoa izan zen setioa oinarri hartuta, istorio unibertsal bat sortu du Naia Arantzamendi ondarrutarrak, kontakizun ofizial horretan ezabatuak izan diren ahotsei garrantzia emanaz. 79 lekukotza jaso ziren garai hartan eta horietatik bi baino ez ziren emakumeek emandakoak. Honen aurrean, “benetakoa izan zitekeen fikziozko testigantza bat” sortu du zuzendariak.
Istorioa 1813. urtean, Espainiako Independentzia Gerraren erdigunean, Donostiako hiriak jazotako erasoa islatuko du, ikuspegi, espazio eta egoera zehatz batetik abiatuta. Guda horretan Donostia ingelesen eta frantsesen arteko gatazkan harrapatuta zegoen. Testuinguru horretan, suntsitzen ari diren hiri bateko logela bateraino heltzea lortuko du Juanak. Bonbak, tiro hotsak, laguntza eskatzen duten garrasiak, soldaduak… guzti horretatik ihes egiteko asmoz, bizitzari eusteko ahaleginetan, gordeleku bilakatuko du Juanak logela horren armairua. Naroa Miguel Arregi haurrak bete du Juana protagonistaren papera, eta Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak gorpuztu dituzte gerrariak. 2022ko otsailean, Andoainen burutu zituzten errodaje lanak, eta eskarmentuzko taldea bildu zuen Naia Arantzamendi zuzendari eta gidogileak horretarako.