36 milioi euro inbertituko dituzte Donostiako eta inguruko herrien ur hornidura hobetzeko
Añarbeko urtegiaren ubide baxuan hoditeria berria eraikiko dute, Donostiako eta inguruko udalerrietako (bereziki, Pasaiako badiakoak) 318.000 herritarren ur hornidura hobetzeko eta bermatzeko. Horretarako hitzarmena sinatu dute ostegunean ur edangarriaren Astigarragako tratamendu plantan Espainiako Ur Arroen Merkataritza Sozietateak eta Añarbeko Urak erakundeak, Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxaso (Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria) eta Hugo Moran (Espainiako Estatuko Ingurumeneko idazkaria) eta Donostiako alkate Eneko Goia han zeudela. Proiektuan 36 milioi euro inbertitzea aurreikusten du Espainiako Gobernuak, horren %80 Europako Next Generation funtsekin finantzatuta.
Jarduketa interes orokorrekotzat jo dute, eta 2022rako Espainiako Aurrekontuen Legean berariazko xedapen gehigarri baten xede izan da. Haren helburua da hodi berri bat eraikitzea, egungoa ordezkatzeko. Egungo azpiegiturak arazoak ditu, ezegonkortasunarekin eta urteek eragindako emari galerekin lotutakoak.
Horrela, Urumea ibaiko Lastaolako presa txikiaren ondoan egingo dituzte lanak, eta ur emaria ponpaketa zentro berri batera eramango dute horrela. Zentral hidroelektriko zaharraren ondoan egongo da ponpaketa zentro berria, eta handik bultzatuko dute Petritegiko ur edangarriaren tratamendu planta hornitzeko emaria, 4.860 metroko hoditeriaren bidez. Lanak aurten lizitatzea aurreikusten dute, 2023ko lehenengo seihilekoan hasteko.