Belodromoko emanaldiak berreskuratuko ditu Zinemaldiak, pertsona ospetsu ugarirekin
COVID-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez kenduta egon ondoren, Belodromoko emanaldiak berreskuratu egingo ditu Donostia Zinemaldiak 70. edizio honetan, ia 3.000 ikus-entzulerentzako edukiera eta 400 metro koadroko pantaila bat dituen zinema-areto erraldoi batean. Aurten programatutako hiru mundu-estreinaldien aurkezpenetan, zuzendariez gain, dagozkien lantalde artistikoetako pertsona ugarik hartuko dute parte, eta nabarmentzekoak izango dira, horien artean, musikaren munduko zenbait pertsona garrantzitsu.
Belodromoak larunbatean (hilak 17) irekiko ditu bere ateak, 20:00etan, Sintiendolo mucho dokumentalarekin. Fernando Leon de Aranoak Joaquin Sabina kantautoreari buruz egindako dokumental horren aurkezpenean, gainera, Sabina bera eta Leiva musikaria izango dira zuzendariarekin.
Egun bat geroago (igandea), 20:00etan, Rainbow filmaren txanda izango da. The Wizard of Oz (Ozeko Aztia) film klasikoari Paco Leonek egindako begirada horren emanaldian, zinemagilea bera, musikaren arloan esperientzia duten antzezleak –hala nola, Dora filmaren protagonista, Ayax Pedrosa eta Wekafore– eta filmeko aktore-zerrendako beste pertsona batzuk –adibidez, Carmen Maura, Carmen Machi, Luis Bermejo eta Hovik Keuchkerian– izango dira.
Azkenik, Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Black is beltza II: Ainhoa bere animaziozko filma aurkeztuko du, eta, pertsonaiei ahotsa jartzen dieten hainbat aktore izango dira aurkezpenean: Maria Cruickshank, Itziar Ituño, Antonio de la Torre, Ariadna Gil eta Darko Peric.
Film bakoitzerako sarrera indibidualen prezioa 8,25 eurokoa da eta saio bakoitzeko lau sarrera eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar edo gehiago erosiz gero, %25eko deskontua aplikatuko da.