Epidemiologia Elkartearen urteko bilera Donostian hasiko da, herritar guztientzat irekita egongo den mahai inguru batekin
Espainiako Epidemiologia Elkartearen 40. urteko bilerak datorren astean emango dio hasiera bere jardunari Donostian, eta berritasun batzuk ekarriko ditu berekin. Oraingo honetan, herritarrek bilera ireki batean parte hartzeko aukera izango dute. Klima-aldaketa, hiriak egokitu beharra eta horrek guztiak osasunaren gainean duen eragina izango dira aztergai.
Mahai irekia abuztuaren 30ean izango da, 19:00etan, San Telmo Museoan. Berotze globalak osasunean dituen ondorioekin zerikusia duen guztia jorratuko da bertan, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Mahaian parte hartuko dutenak ondorengoak izango dira: Elisa Sainz de Murieta, UPV-EHUkoa eta BC3-koa (klima-aldaketaren inpaktu orokorra jorratuko du); Dorleta Orue-Etxebarria, Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundaziokoa (Gipuzkoako klima-aldaketa izango du aztergai); Cristina Linares, Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketa, Osasun eta Hiri Ingurumenaren Erreferentziako Unitatekoa (klima-aldaketak osasunean duen eragina aztertuko du); eta Jesus Ibarluzea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzakoa, Biodonostia/ Ciberespekoa (hiri eta ingurumen osagaien osasunean horrek guztiak duen eraginean sakonduko du). Aitana Lertxundi Euskal Herriko Unibertsitatekoak eta Biltzarraren antolaketa-batzordeko eta batzorde zientifikoko idazkariak moderatuko du mahai ingurua.