Foru Aldundiak ate irekien jardunaldi bat antolatu du bihar
Ostiral honetan, hilak 26, ate irekien jardunaldi berri bat egingo du Aldundiak. Bertan, bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Eraikinean dauden margolanak ikusi ahal izango dira eta ibilbidean zehar jauregiaren arkitektura eta historia ere azalduko dira. Era berean, Aldundiaren eta Batzar Nagusien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jasoko dituzte bisitariek. Bisitak doakoak izango dira eta ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena edukiko dute, bi txandatan egingo direnak, goizez eta arratsaldez. Bisitak 18 laguneko taldeek osatuko dituzte eta ordutegi hauek izango dituzte: 10:00ak (euskaraz eta gaztelaniaz), 11:30ak (frantsesez eta ingelesez), 13:00ak (gaztelaniaz), 16:00ak (euskaraz eta gaztelaniaz) eta 17:30ak (gaztelaniaz). Bisitak jauregiaren kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren, ohorezko solairuan jarraituko dute, eraikineko obra nabarmenak ikusteko. Izen emateko Aldundiaren posta elektronikora idatzi edo telefono zenbakira deitu beharko da.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabeteko azken larunbatetako bisitak berreskuratu ditu, pandemiagatik etenda egon ostean. Larunbat honetan, hilak 27, bisita hauek bueltatuko dira eta, kasu honetan, bisita gidatuak 10.00etan (gaztelaniaz) eta 11.30tan (euskaraz) egingo dira, eta izen emateak aipatutako posta elektronikora idatzita edota telefono zenbakira deituta. Gainera, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua, adibidez, ikasleei edota erretiratuei.