Liburu zaharren azoka bi astez egongo da Gipuzkoa plazan
Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azoka bueltan da Donostian, eta hilaren 26tik irailaren 11ra egongo da zabalik, Gipuzkoa plazan, Euskadiko Liburuaren Ganberak antolatuta. Ostegun goizean aurkeztu dute aurtengo azoka, 37.a, eta azaldu dute hamaika liburu dendatako 30 postu izango dituela azokak.
Salgai egongo diren liburuen erdia, gutxi gorabehera, benetan zaharrak izango dira: 100 urte baino gehiago dituztenak, aurkitzen zailak direnak edo arraroak direnak. Beste erdia, ordea, deskatalogatutakoak izango dira, berriak zein bigarren eskukoak. Horiek jatorrian baino %20 merkeago erosi ahalko dira.
Asier Muniategik, Euskadiko Liburuaren Ganberaren azoken koordinatzaileak, aurkezpenean azaldu duenez, eleberriak izaten dira liburu salduenak. Bestaldem, gaineratu du zaharrenen artean sukaldaritza, historia eta arte liburuak izaten direla arrakastatsuenak, baita oso tokiko gaiak jorratzen dituztenak ere; esaterako, Donostiako auzoei buruzkoak. Era berean, herritarrak azokara joatera animatu ditu Muniategik, “euro batengatik edo birengatik, kafe batek balio duenarengatik”, liburuak erosi ahalko dituztelako.