San Martingo bidegorrian egin beharreko hobekuntzak aztertu ditu Kalapiek
San Martin kalean bidegorri bat margotu eta ibilgailu motordunentzako errei bat kentzea “aurrerapauso” bat da Kalapieren ustez, baina ez da nahikoa. Elkarteak San Martin kalean aurkitu dituen akatsen zerrenda bat argitaratu du, eta adierazi du bizikleta bideak diseinu arau batzuen arabera eraiki behar direla.
Lehenik eta behin, bidegorria “estua” dela adierazi du, eta ez dela segurua: “Noranzko biko bidegorria da, eta 2,15-2,20 metro erabilgarri inguru ditu ibilbide osoan, eskuliburu/mugikortasun-irizpide guztiek bi noranzkoetarako gutxienez 3 metroko zabalera izatea gomendatzen dutenean, eta 40-50 cm arteko tartea uztea trafiko motordunarekiko”.
Bestalde, galtzadatik tarte “minimo eta desegokia” dagoela azaldu du: “Mugikortasun sailak hainbat babes jarri ditu (bide-bereizgailuak eta pibotak) txirrindulariak motordun ibilgailuetatik babesteko. Segurtasunagatik, gomendatutako distantzia (40-50 cm inguru) bidegorri honek duena baino handiagoa da (20 cm)”.
Era berean, “aparkatutako ibilgailu motordunen inbasioa” salatu dute: “Ez dakigu zein den Urbieta kalearen eta Clara Campoamor plazaren arteko tartean etxadi bakoitzeko pibot kopuru txikiagoa (bi baino ez) jartzearen arrazoia, kontrako aldean (Katedraletik Foruen Pasealekuraino) etxadi bakoitzeko askoz gehiago daudenean. Irizpideak okerrera egin du, eta argi dago hartutako neurriek ez dutela balio izan partikularrek, taxiek eta banaketa-ibilgailuek bidegorri osoan aparka ez dezaten”.
Bidegorria oinezkoentzako pasealekuaren gainean egotea ere kritikatu du Kalapiek: “San Martin bidegorri berriaren eta Kontxako bidegorriaren arteko lotura batzuk oinezkoentzako gunetik igarotzen dira. Argi dago bi kaleen arteko loturak behar ditugula, baina inoiz ez oinezkoentzako guneetan. Tarte berri horretan jende asko bilduko da oinezkoen eta txirrindularien artean, batez ere uda-garaian, eta horrek gatazka sortuko du ziklista-oinezkoen artean. Ez da bidegorri berririk sortu behar oinezkoen espazioa gutxituz, inoiz ez”.
Horrez gain, seinale faltagatik, txirrindulariak “noraezean” ikusi dituztela nabarmendu dute: “Antigua auzotik etortzean, sarea ezagutzen ez duten txirrindulariek ez dakite ezkerrera jo behar dutela Parte Zaharrera joan nahi badute, eta San Martinetik jarraitzen dute. Antzeko egoera gertatzen da Easo-San Martin bidegurutzearekin, txirrindulariek ez baitakite nondik jarraitu erdigunerantz joan nahi badute, edo Gros Amaratik Easo kaletik datozenean. Ez dugu ulertzen nola ez dagoen oraindik seinale bertikalik hiriko bidegorri-sarean zehar mugitzeko norabideak adierazten”.
Azterlan osoa esteka honetan irakur dezakezue.
Era berean, IRUTXULOKO HITZAk Kalapieri uztailean egindako elkarrizketa este honetan aurki dezakezue.