Alexander Isaken agurra baieztatu du Realak
Newcastlek 70 milioi euro ordaindu dizkio talde txuri-urdinari aurrelari suediarrarengatik. Momentuz, haren ordezkorik ez dute iragarri txuri-urdinek
Hainbat hedabidek aurreraturikoa baieztatu dute bi taldeek. Alexander Isakek Reala utzi eta Newcastlen jokatuko du datozen bost denboralditan. Ingalaterrako talde dirudunak 70 milioi euro ordaindu ditu suediarrarengatik. Lorpenen arabera, beste 5 milioi euro ere jaso ahalko ditu Realak, eta etorkizuneko salmenta baten ehuneko bat gordetzen du.
Talde txuri-urdinak eskerrak eman dizkio Isaki, eta onena opa dio etorkizun pertsonalean eta profesionalean: “Hiru denboraldi eta laugarrenean gola egiten hasita, Isak Realaren azken balio handienetako bat izan da. Santiago Bernabeun Real Madriden aurka jokatutako kopako kanporaketa historiko hartan protagonista nagusia izanda, zaleen babesa irabazi du ekintza bakoitzean dena emateagatik. Berrogeita lau aldiz jarri dituzu bizkarrez saltoka. Mila esker guztiagatik, Alex”.
Dena dela, Realak oraindik ez du argitu zein edo zeintzuk izango diren suediarraren ordezkoak. Alexander Sorloth aurrelari norvegiarra da berriz ere utzita etor daitekeen jokalarietako bat. Beste izen asko ere zabaldu dituzte hedabide berezituek, baina ez da bakar bat ere baieztatu.