Arrapala bat jarri dute Aizkorri kalean, eskaileren ordez
Aizkorri kalean zeuden eskaileren ordez, oinezkoentzako pasabide bat jarri du udalak. “Alde horretako arkitektura-oztopoa kendu nahi genuen, eta kale horretako 54. eta 75. zenbakien arteko sarbidea erraztu, atseginagoa egin eta segurtasuna indartu”, adierazi du Miguel Angel Diez Hiri Mantentzeko zinegotziak.
Udalaren arabera, obrak segurtasun arloko araudia betetzen du, 77.415 euroko kostua izan du eta bi hilabetez aritu dira obretan. Eskailera maila ugari kendu dituzte, eta, horrez gain, pasabidea zabaldu eta ur hornidurako hodia ere berritu dute. Bidearen kota jaisteko, indusketa-lan handi bat egin behar izan da, eta kale bereko hainbat blokeri zerbitzu ematen dien saneamendu sarearen zati bat ere berritu behar izan dute.
Obrarekin amaitzeko, luminariak aldatu dira, argiztapena “eskasa” zelako. Horrez gain, bi eskubandako baranda bat jarri da, Bentaberriko ibarbidera erortzeko arriskutik babesteko.