BCCk 2 milioi euro inguruko kontratua adjudikatu du Groseko egoitza aurrera eramateko
Uliako Auzo Elkarteak ohartarazi duenez, erakunde publikoek ez dute prozedura administratiborik abiatu Basque Culinary Center fundazioari Manteoko lurrak uzteko.
Groseko Okendo Alde eremuan Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza eraiki nahi du BCCk. Prozedurarik egin ez den arren, 2 milioi euro inguruko kontratu bat adjudikatu diote Bjarke Ingels Group arkitektura taldeari proiektua idatz dezan. Talde horrek irabazi zuen egoitza berria diseinatzeko BCCk egindako lehiaketa.
Uztaila hasieran, auzo elkarteak jakinarazi zuen 500 herritarrek baino gehiagok alegazioak aurkeztu zituztela Groseko U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Plan Bereziaren tramitazioa gelditzeko. Udal gobernuak maiatza bukaeran eman zion hasierako onarpena plan berezi horri. Auzo elkarteak, berriz, tramitazioa eteteko eskatu zuen ekaina bukaeran, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikusketaz arduratzen den talde teknikoak diagnostikoa egin bitartean. Hori dela eta, Change.org atarian sinadura bilketa bat abiatu zuten. 5.000 dira lortu nahi dituztenak.
Udal gobernuak 2010eko HAPOa aldatuko du lursail horretan Basque Culinary Center erakundearen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza kokatzeko. Dena dela, oraindik ez dute prozedura hori egin. Lursail horretarako soilik gazteentzako eta helduentzako etxebizitzak egitea aurreikusten du Plan Orokorrak.