"Burujabe izan nahi badugu, elikaduran ere hala izan behar dugu"
Goxotasuna aurkituko du Artatxiki Biogunera hurbiltzen denak. Goxotasuna, eta jaki onak. Jaki on asko. Nola diren gauzak: elkarrizketa bat egitera joan, eta poltsa bete galleta atera da kazetaria bertatik. Eta ez edonolakoak, gainera: ezkurrezkoak. Kazetariaren pagotxa.
Izenetik hasiko gara. Artatxiki Biogunea, ez denda.
Ane Mujika (A.M.): Irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara, eta gure asmoa kontsumo arduratsua bultzatzea da: zero kilometroko produktuak, ekoizle txikiekin lankidetza… Produktuak saltzen ditugu, baina uste dugu ez dela denda bat soilik izan behar, eta kultur jarduera batzuk sustatu nahi ditugu.
Nondik sortu zen ideia?
A.M.: Orain dela urte batzuk Otarra elkartea egon zen Martutenen, eta hogei urtez baino gehiagoz martxan egon eta gero, itxi egin zen. Hura ixtean, bertako bazkide batzuk zerbait egin nahi genuen elkarrekin. Lokal bat topatzeko mugitzen hasi ginen, eta elkarte hau sortu genuen. Hemen dagoen guztia gure eskuekin egin dugu: altzariak, paretak margotu… Era berean, nabarmendu nahi dut gure elkartea mundu guztiarentzat dagoela irekita, bazkide izan edo ez. Denak dira ongietorriak.
Zer eskaintzen duzue?
Igor Montuschi (I.M.): Bertako produktuak eskaintzen saiatzen gara, ekologikoak. Hiritar eta auzotarrei zerbitzu oso bat eskaintzen diegu, etxeko beharretarako edozein produktu eros baitaiteke hemen: jakiak, kosmetika produktuak, garbiketarakoak… Merkataritza guneen alternatiba bat izan nahi dugu, kontsumo arduratsu bat lortzeko helburuarekin.
A.M.: Gure bereizgarria da saiatzen garela produktuak ahalik eta gertuenekoak izaten, eta ekoizle txikiak bultzatzen.
Horren atzean lan handia dago, ezta?
I.M.: Bai, baina poliki-poliki. Guk 2020ko urtarrilean ireki genituen ateak, eta, hasieran, ekoizle gutxi batzuekin hasi ginen. Pixkanaka beste ekoizle batzuk ezagutzen joaten zara, edo haiek dira zurekin kontaktuan jartzen direnak. Egun, Euskal Herriko 35-40 ekoizle txikirekin egiten dugu lan, eta guztira 55-60 ekoizle izango dira. Horrekin ere lortu nahi dugu ekoizleen artean dibertsifikazio bat egotea: aniztasuna dago eta ez da banatzaile handi bat.
Pandemia hasi baino hilabete batzuk lehenago ireki zenuten. Zer nolako eragina izan du zuenean?
I.M.: Eragin positiboak zein negatiboak izan ditu. Alde batetik, beste denda txikietan bezala, itxialdian egon ginen bitartean kontsumoa handitu egin zen. Baina, bestetik, martxan jarri genituen kultur jarduerak bertan behera geratu ziren. Orduan, geure burua ezagutzera emateko geneuzkan tresnak gutxitu egin ziren.
A.M.: Mugikortasuna mugatua zenez, lortu genuen auzoko jendea etortzea.
Nolakoa da Artatxiki Biogunearen funtzionamendua?
I.M.: Bi eta hiru langile daude. Eta, gero, bost eta sei pertsonako talde eragile bat dago.
A.M.: Elkarte bat garenez, presidentea, idazkaria eta diruzaina ditugu. Horiek dira kide ofizialak, baina, azkenean, talde eragilea da erabakiak hartzen dituena.
Aipatu duzue pandemiarekin kultur jarduerak antolatzeari utzi egin behar izan zeniotela. Zein da egungo egoera?
I.M.: Lehen ekitaldia Tasio Erkiziaren Jan eta Jabe liburuaren aurkezpena izan zen, lotura zuzena zuena kontsumo elkarteekin eta elikadura burujabetzarekin. Auzokide baten liburu aurkezpena ere egin genuen, eta, orain, bisita batzuk antolatzen hasi gara gurekin lan egiten duten ekoizle batzuekin. Hemen ere, pixkanaka erritmoa hartzen hasi gara berriro.
Eta, aurrera begira, baduzue sakondu nahiko zenuketen ideiarik?
A.M.: Bai, iruditzen baitzaigu gure proiektua oso interesgarria dela. Egun dagoen egoerarekin, ez dugu beste biderik ikusten: bertakoekin egin behar da lan, garraioak murrizten, eta bertako produktuak kontsumitzen. Gure burujabetzan aurrera egiteko ezinbestekoa da. Guk oso argi daukagu: beste arloetan burujabe izan nahi badugu, elikaduran ere hala izan behar dugu.
Jendeak nola erantzun du?
I.M.: Nik uste dut jendea asko poztu dela, eta auzokideek eskertu dutela hemen horrelako gune bat edukitzea. Gure kasuan, kontsumo elkarte bakarra gara Donostian filosofia honekin —Oiartzunen eta Igeldon ere badira—, eta hori jende mota batek eskertu egiten du.
A.M.: Gainera, ikusten da jende gaztea hurbiltzen hasi dela, pentsamolde irekiago batekin.
Gunea txertatuta ikusten al duzue auzoan?
A.M.: Kontuan hartu behar da Intxaurrondo Zaharra hiltzen ari zela. Intxaurrondo kalea, esaterako, garai batean dendaz beterik zegoen, baina orain taberna bakarra baino ez da geratzen. Ez dago beste ezer: taberna eta kultur etxea. Orduan, jendeak eskertu du denda irekitzea, beste bizitasun bat sortzen duelako.
I.M.: Gainera, belaunaldi aldaketa bat izaten ari den auzo bat da. Bere garaian asko zaharkitu zen, eta orain jende gazte asko sartzen hasi da. Horrek luzarora begira konfiantza ematen du.
Parte hartzen duzue auzoan antolatzen diren ekintzetan?
A.M.: Bai. Korrikan, adibidez, dirua jarri eta hamaiketakoa egiten lagundu genuen.
I.M.: Saiatzen gara, bai. Pandemia tarteko, ezin izan dugu atal hori nahi adina landu, baina badugu horretarako asmoa.
A.M.: Bai, egia da. Auzo elkartearekin harremana dugu, erosketa bonuetan ere parte hartu dugu…
I.M.: Bai, parte hartu dugu Intxaurrondo Zaharreko auzo elkarteak egin izan dituen kanpaina batzuetan.
Aurrera begira, non nahi duzue jarri indarra?
I.M.: Proiektua egonkortzen: beste motatako ekitaldi horiek indartzen eta bazkideekin harremanak lantzen.
A.M.: Eta proiektuan jende gazte gehiagok parte hartzen saiatzen.
Besterik gehitu nahi duzue?
A.M.: Nik uste dut jendeari pixka bat kosta egiten zaiola horrelako proiektu batean parte hartzea eta sinistea. Ikusten dute beraien bizitzatik kanpo dagoen zerbait balitz bezala, maila ekonomiko jakin bat duen jendearentzat bakarrik dela. Eta, niretzat, etorkizuna da. Guk gauzak eraldatu nahi ditugu, Tasiok esaten zuen moduan, gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen. Eguneroko ekintza sinple horiekin. Gauzak ez dira aldatuko esaten, egiten baizik, eta jakien bitartez. Hor gauza mordoa mugitu ditzakegu.