Donostiarrek presentzia nabarmena izango dute 70. Zinemaldian
Irailaren 20an, Alberto Gastesik 'Gelditasuna ekaitzean' estreinatuko du Euskal Zinemaren Galan; eta egun berean, Txema Areizaga zena omenduko dute.
70. Donostiako Zinemaldia irailaren 14tik 20ra izango da, eta gaur goizean egin dute euskal zinemaren aurkezpena Tabakaleran. Guztira, hamazazpi euskal ekoizpen –hamahiru film luze eta lau film labur– proiektatuko dituzte hainbat sailetan.
Zinemira da euskal zinemari eskainitako saila, eta fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film izango ditu. Horietako lau izango dira estreinaldiak, eta Irizar Saria eskuratzeko aukera izango dute, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Horrela, guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko filmaren ekoizlearentzat edo ekoizleentzat.
Euskal Zinemaren Gala irailaren 20an izango da Viktoria Eugenia Antzokian, eta Gelditasuna ekaitzean Alberto Gastesiren (Donostia, 1985) lehen lana estreinatuko dute. Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituen amodiozko istorio bat da. Gala horretan omenduko dute Txema Areizaga teknikari donostiarra –iazko azaroan zendu zen–, eta haren familiak jasoko du Zinemira Saria.
Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango da, Sail Ofizialean jada iragarrita dagoen Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) Suro filma. Bestalde, Xuban Intxaustik (Donostia, 1980) Bakearen Aldeko Koordinakundea kolektibo bakezalearen historia eta printzipio etikoak esploratzen ditu Gesto lanean, artxiboko irudien eta egungo adierazpenen bidez, taldearen hiru hamarkadako ibilbideari buruz hausnartzera bultzatzeko.
Lehiaz kanpo, Jon Mikel Fernandez Elorzen (Donostia, 1983) Bi arnas eskainiko dute, torturen ondorioak jorratzen dituena Iratxe Sorzabalen eta bere amaren istorioaren bitartez. Lur Olaizolaren (Donostia, 1988) Hirugarren koadernoa lanak, berriz, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko du, Cinema du Reel jaialdian estreinatu ondoren. Donostian bizi den Arantza Santestebanen (Iruñea, 1979) 918 gau dokumentala ere proiektatuko dute, Ikusmira Berriak egoitzan garatu eta WIP Europatik igaro ondoren, Lisboan eta Torinon saritua izan zena.
Gainerako euskal ekoizpenak
El vasco Argentinarekin egindako koprodukzioaren mundu-estreinaldiak inauguratuko du Zinemira. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) zuzendu du Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blancok antzeztutako komedia dramatiko hori.
Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) ekoizle eta gidoigileak bere lehen film luzea zuzendu du: My Way Out; ez-fikziozko lan horrek Londresen kokatutako eta pertsona transentzako klubaren historia berritzen du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.
Karpeta Urdinak filmean, Ander Iriarte zinemagileak (Oiartzun, 1986) ikerlan bat abiarazten du bere aitak komisaria batean torturak jasan zituelako susmoan funtsatuta. 1960tik 2014ra bitartean gure herrialdean izandako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren emaitzak ezagutarazten ditu egileak, baita Istanbulgo Protokoloa ere.
Kepa Junkera berpiztu ere aurkeztuko dute Victoria Eugenia Antzokian. 2018an iktus bat jasan zuen musikari bilbotarraren lehengoratzearen eta hark utzitako ondarearen inguruko film luze dokumentala da, Fermin Aiok (Algorta, 1973) zuzendua.
Halaber, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango dira Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (Gasteiz, 1988) eta Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) Black is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan estreinatuko dena.
Lehiaz kanpo, aldiz, Alauda Ruiz de Azuaren (Barakaldo, 1978) Cinco lobitos ikusteko aukera izango da, Berlin, Seattle eta Karlovy Varyko zinema-jaialdietan hautatua izandakoa eta Malagako jaialdiko sari nagusiak irabazi ondoren. Halaber, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko du Kimuak programako Cuerdas film laburrak, Estibaliz Urresola (Bilbo, 1984) zuzendari duenak.
Azkenik, lehendabizikoz, Nest sailean, zinema ikasleen film laburren lehiaketan, euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira Nest Saria lortzeko: EHUko Nagore Muriel Letamendiaren (Billabona, 2000) Erro bi eta Elias Querejeta Zine Eskolako Mikele Landa Eigurenen (Bilbo, 1995) Noizko basoa.