Etorkizuna eraikitzeko mendeurrena
Duela 100 urte, 1922an, sortu zen Añorgan gaur egunera arte «gazte eta bizi» iritsi den Añorga Kultur eta Kirol Elkartea. Hasieran soilik kirol arloa lantzen bazuen ere, pixkanaka handitzen joan zen, beti helburu berarekin: Añorgako herritarren beharrei erantzutea. Horretan jarraitu nahi dute gutxienez beste 100 urtez, eta horregatik, duela urtebete hasi ziren mendeurrena ospatzen, elkartearen eta auzoaren etorkizuna mendeurrenetik eraiki nahi dutelako.
Oso atleta onak zeuden Añorgan XX. mendearen lehenengo urteetan, eta Fortunarekin egiten zuten korrika. Ordea, 1922an, pentsatu zuten Añorgan zerbait sortu behar zutela, hemen bertan korrika egin ahal izateko. Cementos Rezola enpresako Ramon Rezolak bilera bat antolatu zuen horren harira, eta orduan erabaki zuten kluba sortzea». Hori da, Añorgako Gorga historia mintegiko Josema Mendiolaren hitzetan, Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen (Añorga KKE) sorrera. Pixkanaka, klub hori auzoarentzat lan egiten zuen elkarte baten izaera hartzen joan zen: «Lehenengo urteetan, adibidez, aterpe bat egin zuten jendea elizara joaten zenean ez bustitzeko. Ondoren, egungo Jolas Etxea egin zuten, baina ez gaur egun dagoen moduan. 1931rako, Jolas Etxearen barruan zinema, taberna eta gimnasio txiki bat zeuden, eta orduan hasi ziren gauza indartsuagoak antolatzen», azaldu du Mendiolak.
Lehenengo hamarkadetan Cementos Rezola enpresak egindako ekarpenak ere aitortu ditu Mendiolak: «Argi ikusten da Cementos Rezolak diru asko irabazi zuela 1946-1947tik 1960ra, hornidura ugari eman baitzizkion elkarteari urte haietan, eta auzoan gauza ugari egin baitzituen: frontoia, esaterako». «Garai hartan, enpresa askok filosofia hori zuten, euren herrian edo auzoan inbertitzearena», gehitu du Haritz Illarramendik, Añorga KKE-ko egungo presidenteak.
Era berean, «auzoa fabrikaren inguruan hazi» zela gogorarazi du presidenteak: «Fabrikak egin zituen langileentzako etxebizitzak, eliza, eskola, supermerkatua eta beste hainbat azpiegitura. Eta, hazten ari zen auzo horretako biztanleen beharrei erantzuteko sortu zen elkartea». Ildo horretatik, zera gehitu du mendeurreneko lantaldeko kide Eneko Sierrak: «Sinbiosi bat da: azpiegitura horiek guztiak sortzen dira auzokoek eskatzen zituztelako, enpresari komeni zitzaiolako eta filosofia hori zuelako».
Konpromisoa da gakoa
Añorgak, Donostiako auzo bat izanda ere, betidanik «herri izaera» handia izan duela nabarmendu dute elkarteko kideek, eta Mendiolak nabarmendu du horri esker biziraun duela elkarteak 100 urtez: «Añorgakoak oso bereziak garela esaten dute, eta egia da. Eskerrak horri, elkarteak 100 urte bete ditu eta».
Ildo beretik, Añorgakoek betidanik elkartearekin izandako konpromisoa goraipatu du Illarramendik: «Elkarteko kideek egiten duten lana modu boluntarioan egiten dute, eta hori aurrera ateratzeko eta 100 urtez irauteko jendearen inplikazioa eta maitasuna behar dituzu. Hori lortzen da egiten dutena gustatzen bazaie. Beraz, jendeak zer nahi duen jakin behar du zuzendaritzak». Izan ere, aterki handi baten modukoa da elkartea, presidenteak azaldu duenez: «Atal berri bat sortzen denean, atal hori sortzeko proposamena egin dutenek kudeatzen dute, eta elkarteak babesa eta erraztasunak ematen dizkie, baina askatasuna ematen die atal bakoitzeko kideei».
Sierrak nabarmendu du elkarteak «udal batek beteko lukeen funtzioa» betetzen duela: «Herritarren kezkak eta eskaerak entzun ditu hasieratik. Sortu zen azken atala, esaterako, triatloiarena da: gazte batzuk etorri ziren kezka batekin, aztertu zen euren eskaera eta atala sortu zen. Elkarteak ditu historikoki izan dituen atal guztiak? Ez. Asko desagertu egin dira eta beste batzuk sortu dira. Azkenean, auzoak dituen beharrei erantzun behar die elkarteak, eta beraz, atal berriak sortzen dira eta beste batzuk desagertu egiten dira, baina denek euren arrastoa uzten dute».
Era berean, presidente eta zuzendaritza batzorde berri bat izendatzen denean, aurrekoek egindakoa aintzat hartzen dutela azaldu du Sierrak: «Zergatik biziraun du elkarteak 100 urtez? Bazkideen nahiak entzun direlako beti, eta presidente batetik bestera asko lantzen delako jarraikortasuna; aurrekoek egindakoa aztertzen da, eta lekukoa hartzen da».
Belaunaldi berriak
Elkarte batek 100 urtez bizirauteko, ezinbestekoa da belaunaldi berriek zaharren erreleboa hartzea, eta Añorga KKE-k mende bat bete badu, belaunaldi berriak elkartean sartzen joan direlako izan da. Sierraren ustez, «ziklikoa» da: «Adibidez, ni 2012tik 2014ra izan nintzen presidente, eta nire aurretik Xabier Altuna (2010etik 2012ra) eta Iñaki Otabarte egon ziren. Otabarteren zuzendaritza batzordean, jende helduak zuen garrantzia handiena, 40 urtetik gorako jendeak. Ondoren, Altuna saiatu zen batzorde gazteago bat egiten, eta nik dinamika horretan jarraitu nuen, batzorde gazte bat osatuz. Agurtzane Manterolak ere ildo horretatik jarraitu zuen, baina egungo presidente Haritzekin, adibidez, hori pixka bat aldatu zen. Estilo kontua da, zuzendaritza bakoitzak bere zikloa egiten du».
Horren harira, gazteak elkartean gazteegi sartzen badira, erretzeko arriskua dutela ohartarazi du Illarramendik: «Elkartea hor dago, baina gazte asanblada ere badaukagu auzoan, eta gazteek hor egin behar dituzte hainbat urte. Ondoren, sartuko dira elkartera, eta orain zuzendaritzan gaudenak Gure Kabiara pasatuko gara [auzoko erretiratuen elkartea da]. Baina, gazteegi sartzen badira elkartean, erre egin daitezke, eta hori gertatzen bada, ez da jenderik egongo etorkizunean».
Estiloak estilo, elkarteko kideak bat datoz auzoko belaunaldiartekotasuna egoera onean dagoela esaterakoan. «Elkarteko zuzendaritza batzordean egon daiteke 50 urteko kide bat 25 urteko beste kide baten ondoan. Baina ez soilik batzordean, baita tabernan ere, hori badelako auzoaren ezaugarri bat», adierazi du Sierrak. Harago ere joan da: «Transmisioa egiten da, auzoan belaunaldien arteko transmisio tresna inkontziente asko ditugulako, sortzen den giroa sortzeko; auzolan batera deitzeko eta belaunaldi askotako jende asko agertzeko. Ez da beti horrela izan, baina gaur egun horrela da. Momentu on batean gaude, 100 urteren ondoren».
99. urteurrenetik 100.era
«Argi genuen ez genuela nahi mendeurrena soilik atzera begirako bat izatea, harri bat jarri nahi genuela aurrera egiteko. Orainaz gozatuz, iraganaz dakigunarekin, etorkizuna eraikitzeko. Ez genituen soilik azaleko ekitaldiak antolatu, herria mobilizatuko zuten egitasmoak antolatu nahi genituen, etorkizunerako oinarri bat uzteko», azaldu du Sierrak. Hain zuzen ere, horregatik, 99. urteurrenean hasi ziren mendeurrena ospatzen, aurrera begirako jarduerak antolatuz. Etzi borobilduko dute mendeurrena, festa handi batekin.
Azken urtean mendeurrenaren bueltan antolatutako bi egitasmo nabarmendu ditu Sierrak: «Bata sagarrarekin eta sagardoarekin lotutakoa, Añorgan izan duen errotzea berreskuratu nahian. Bestea, inauteriaren zikloarekin lotutakoa: Dibertimendua». «Herrigintza eta auzolana sustatzeko» helburuarekin antolatu zituzten bi egitasmo horiek, eta Illarramendiren hitzetan, bi egitasmoak «auzoan errotzea eta urtez urte errepikatzea» da asmoa. Bietan ala bietan parte hartze garrantzitsua izan du elkarteko dantza atalak: «Dibertimendurako, dantza berriak sortu genituen zerotik, hemendik aurrera egiten diren Dibertimendu guztietan dantzatzeko, bai helduentzako eta bai haurrentzako. Bestalde, Añorgan egin genuen Sagardo Egunean amute dantza dantzatu genuen eguna irekitzeko», azaldu du dantza ataleko Nerea Unanuek.
Egitasmo horiez gain, elkarteko atal bakoitza bere ospakizun, jarduera eta omenaldi propioak egiten joan da azken urtean, atal asko baititu elkarteak: futbola, saskibaloia, pilota, dantza, mendia, triatloia, kultura, erraldoiak eta buruhandiak eta bertsolaritza.
Aipatzekoak dira, besteak beste, mendi atalak egindako jarduerak: «Maiatzaren amaieran, Irumugarrietara irteera bat egin genuen, Añorgak lotura handia duelako tontor horrekin. Izan ere, duela gutxi zendu den Kasimiro Aizpurua auzokideak berak egindako burnizko dorre bat jarri zuen han 1950. urtearen inguruan. Tximistek hondatuta zegoen, eta berreskuratu egin genuen dorrea. Era berean, Añorgak plaka bat zuen jarrita han 1974tik, eta berria jarri genuen bere perretxikoarekin, baita duela 48 urte jatorrizko plaka jarri zuten pertsonak omendu ere», azaldu du mendi ataleko Alaitz Agirrek. Ondoren, berreskuratu zuten dorre hori Kasimiro Aizpuruaren etxearen aurrean jarri zuten, oraindik bizirik zegoenean, baita hura omendu ere.
Beste 100 urterengatik
Mendeurreneko helburuetako bat «elkartearen lana eta egoera ikusaraztea» izan da, Illarramendiren arabera. «Erakundeek ikus dezaten agian beraiek bete beharko lituzketen funtzio batzuk betetzen dituela elkarteak auzoan, eta, beraz, erakundeen aldetik ere beste inplikazio mota bat lortzeko», nabarmendu du presidenteak.
Era berean, datozen urteetarako oinarria sendotu izana espero du Sierrak: «Ikusi beharko dugu asmatu dugun, eta nolako inplikazioa hartzen duen jendeak, baina nik uste dut elkartea bizi eta gazte dagoela».