Kontxako Banderaren kartela Hong Kongeko arraun modalitate batean oinarrituta dagoela adierazi dute
Kontxako Bandera eta kartela atzo aurkeztu zituzten, udaletxean. Kartelari dagokionez, Brenno Henrique diseinatzailak sortu du eta Berriro elkarrekin du izenburu. Baina ez da edonolako kartela, izan ere, Berria egunkariak jaso duenez, hainbat erabiltzailek sare sozialetan adierazi dute karteleko irudia ez dela traineru estropada batena. Patroia ontziaren popan ageri beharrean, brankan dagoela ohartu dira sare sozialetako erabiltzaileak.
Zehatzagoak izateko, @orioarraunean izan da kartelak atentzioa eman dion erabiltzaileetako bat Twitterren: “Hara !!… nere irudipena-sentsazioa da edo… Kartel hontan trainerua beruntz datorrela dirudi, baina hor patroia dago kokatua… / Traineruak sortzen dun ubera alderantzizkoa delakoan ¡!.. (kartelean olatuak aldrebes adierazita daudelakoan…)”.
Eta, kezka horretatik abiatuta aurkitu du akatsaren azalpena ere: Hong Kongeko arraun modalitate baten irudia atxiki du Twitterren, kartelaren ondoan, eta antzekotasunak nabarmenak dira. Bertan ikusten da ontziaren uberaren aurrean dagoela patroia.