Mendeurrena borobiltzeko festa handia
Duela urtebete hasi ziren Añorga KKE-ren mendeurrena ospatzen, baina etzi egingo dute festa handia, eta omenaldi ugari izango dituzte.
Orain dela urtebete, 2021eko abuztuaren 28an, Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen 100. urteurrenaren irekiera ekitaldia egin zuten, elkarteak 99 urte bete zituenean. Ordutik, askotariko ekitaldiak egin dituzte mendeurrenaren bueltan, eta elkarteko atal bakoitzak bere ospakizun propioak egin ditu, baita bere omenaldi propioak egin ere. Ordea, mendeurrena borobiltzeko, beharrezkoa zen festa handi bat egitea, eta etzi egingo dute hori.
Horrela ere, aurretik beste jarduera batzuk ere egingo dituzte. Hain zuzen ere, Jurgi Ekizak jo zuen atzo Jolas Etxean, eta Bertsolari Txapelketako saio simulazioa egingo dute gaur Antxon Aiestaran Kultur Etxean, 18:00etan.
Bihar, auzolanean egin duten egurrezko parkea inauguratuko dute 17:00etan, eta haurrentzako merienda eta jolasak izango dituzte. Buruhandiak eta erraldoiak aterako dira 18:00etan, eta zumba saioa egingo dute 19:00etan. 20:00etan igoko dute mendeurrena ospatzeko bandera, eta 21:00etan elkartearen 75. urteurreneko antzerkia proiektatuko dute Jolas Etxean.
Omenaldiak eta bazkaria
Etzi izango da festa handia: 10:00etan, eskertzak eta omenaldiak Cementos Rezola enpresan; 11:15ean, eskertzak eta omenaldiak Antxon Aiestaran Kultur Etxearen kanpoaldean; 13:00etan, Ertizka Otxotearen emanaldia Harrobiaren plazan; 14:00etan, elkarteko zuzendaritza batzordeko kideen soka dantza Harrobiaren plazan, 14:30ean, herri bazkaria frontoian eta 17:30ean, azken omenaldia frontoian. Ondoren, Gari DJ-a arituko da auzoa girotzen.
Mendeurreneko lantaldeko kide Eneko Sierrak azaldu duenez, sei omenaldi egingo dituzte guztira. Alde batetik, elkartearen sortzaileak omenduko dituzte, eta Cementos Rezolako gerente izandako Julian Rezolak eta Ramon Azkaratek eta Mari Carmen Tardaguilak (langileen izenean) jasoko dute omenaldi hori. Bestetik, Bernardo Berasategi eta Maria Sagrario Morcillo bazkide beteranoak omenduko dituzte bazkide guztien izenean. Era berean, Aitor Basurto omenduko dute auzoko aldizkariaren izenean. Bestalde, azken 25 urteotako zuzendaritza batzordeetako kideak (86 lagun) eta presidenteak (sei eta gaur egungoa) ere omenduko dituzte, duela 25 urte baino gehiago presidente izandako lauri «diamantezko domina» ematearekin batera. Ertizka Otxoteak amaitutzat emango du bere ibilbidea, eta omenaldia egingo diote baita ere. Azkenik, duela 55 bat urte zuzendaritza batzordean sartutako lehenengo hiru emakumeak omenduko dituzte (Arantxa Soroa, Mari Carmen Zapirain eta Mariaje Nogues), orain arte presidente izandako emakume bakarrarekin, Agurtzane Manterolarekin batera.