Saririk onena elkarrekin ospatzea dela diote
Arteleku plaza berria estreinatu ahal izango dute Txomiñeneko jaietan, irailaren 2tik 4ra. Txupinazoa botatzeko gogotsu daude.

Iraileko lehen asteburuaz behar bezala gozatzeko aukera izango dute Txominen, hiru urte luzeren ondoren. Hain zuzen ere, irailaren 2tik 4ra egingo dituzte Txomiñeneko jaiak, eta askotariko egitaraua antolatu du Lanberri auzo elkarteak. Uztailean egindako bilera irekian harturiko ideiak aintzat hartu eta hiru eguneko askotariko egitaraua aurkeztu dute.
Festak normaltasunera itzuliko direnez, lelo apropos bat hautatu dute: El Txominazo. Gure saririk onena, elkarrekin ospatzea! Auzotarrek argi dute jaiak berriz ere elkarrekin ospatzea garrantzitsua dela. Loteria tokatzearen parekoa dela adierazi du auzo elkarteak: “Azken urteak oso zailak izan dira. Pandemiaren bukaera da ospatu nahi duguna, jendearekin berriz elkartuz”. Leloari dagokionez, pandemia aurreko ohitura berreskuratu nahi izan dute. “Betidanik erabili izan ditugu horrelako lelo adierazgarriak jaietarako. Esaterako, 2019ko ‘Txomin Power’ izan zen. Egia esan, jai batzordean bada pertsona bat horrelako leloak asmatzeko oso trebea dena”.
Arteleku plaza
Urtetako atzerapenaren ondoren, Txomineko bizilagunek Arteleku plaza berria erabili ahal izango dute jaietarako. “Auzoan dagoen leku bakarra da horrelako jarduerak egiteko. Txomin berritu aurretik, kirol pista bat genuen soilik. Horregatik, oso garrantzitsua da Arteleku plaza, nahiko handia eta polita delako. Azken hiru urteotan zabortegi bat izan da eremu hori. 2019rako plaza bukatuta egon behar zuen, baina aitzakiek, arazoak eta pandemiak dena atzeratu dute”, azaldu dute.
Sari zatiak dira haur, gazte zein helduentzako prestatu dituzten jarduerak. “Ez dakigu gure jaiak bereziak diren, baina duten bereizgarrietako bat da adin tarte guztiei zuzendurikoak direla. Jai batzordearen isla da egitaraua, adin guztietako jendea dagoelako”, nabarmendu dute. Jarduerak guztiak klasikotzat hartu beharrekoak dira, hiru urteren ondoren Txominen berreskuratuko dituztenak: zezen mekanikoa, patata tortilla txapelketa, bote eta toke txapelketa, eta belaunaldien arteko ginkana, besteak beste.