Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina abiatu dute hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan
Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikastera deitu dituzte donostiarrak. 2022-2023 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailetik aurrera hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.
Jon Insaustik, Euskarako eta Kulturako zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Jon Insaustik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.
Halaber, Euskarako eta Kulturako zinegotzi ordezkariak gaineratu du, “aurten, Euskaraldiaren urtea izanik, bereziki egiten diegu dei donostiarrei euskarara hurbil daitezen eta hizkuntza ikas dezaten”.
Jarraian xede bereziko taldeei eskainitako ikastaroak irakurri ditzakezue:
- Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaroak: hiriko merkatarien eta ostalarien gremioetako profesionalentzat. Izena emateko epea: abuztuaren 29tik irailaren 16ra. Ikastaroak urrian hasiko dira.
- Langabeentzako euskara ikastaroak: langabezian dauden donostiarrei zuzenduta. Izena emateko epea: irailaren 1etik 23ra. Ikastaroa urriaren 5etik abenduaren 2ra izango da, egunero 3 orduz.
- 16-18 urteko gazteei zuzendutako ikastaroak: hezkuntza sistemaren ikasketa prozesuan euskara gaitasuna hobetu behar dutenentzako.
- Gurasoentzako euskara ikastaroak: ikastaro hauen helburua da, 2-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso erdaldunak euskarara hurbiltzea, eta guraso euskaldunei hizkuntza gaitasuna hobetzeko aukera ematea. Izena ikastetxeetan ematen da eta ikastaroak ikastetxean edo euskaltegian izan daitezke.
- Erretiratuentzako euskara ikastaroak: euskaltegian edo erretiratuen egoitzetan eskaintzen diren ikastaroak.
- Etorkinentzako euskara ikastaroak, AISA ikastaroak: euskararekin lehenengo harremana edukitzeko, ikasleari komunikaziorako oinarrizko baliabideak (agurrak, zenbakiak eta abar) eskaintzeko eta gure gizartea eta kultura hobeto ezagutzeko.