Mendeurrena ospatu dute
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak 100 urte bete ditu, eta urte osoan zehar ospatu badute ere, igandean egin zuten mendeurren festa handia, ospakizuna borobiltzeko. 10:00etan hasi ziren, Cementos Rezola enpresan egin zituzten omenaldiekin eta eskertzeekin, eta Antxon Aiestaran Kultur Etxean jarraitu zuten eskertze eta omenaldi gehiagorekin. Ertizka Otxotearen emanaldia izan zuten ondoren, eta elkarteko zuzendaritza batzordeko kideen soka dantza bazkaldu aurretik. Herri bazkari oso jendetsua egin zuten ondoren frontoian, eta azken omenaldia egin zuten bazkalostean han bertan. Ondoren, Gari DJ-aren musika emanaldia izan zuten.
Sei omenaldi egin zituzten guztira. Alde batetik, elkartearen sortzaileak omendu zituzten, eta Cementos Rezolako gerente izandako Julian Rezolak eta Ramon Azkaratek eta Mari Carmen Tardaguilak (langileen izenean) jaso zuten omenaldi hori. Bestetik, bazkide guztien izenean, Bernardo Berasategi eta Maria Sagrario Morcillo bazkide beteranoak omendu zituzten. Era berean, Aitor Basurto omendu zuten auzoko aldizkariaren izenean. Bestalde, azken 25 urteotako zuzendaritza batzordeetako kideak (86 lagun) eta presidenteak (sei eta gaur egungoa) ere omendu zituzten. Ertizka Otxoteak amaitutzat eman zuen bere ibilbidea mendeurren festan, eta omenaldia egin zioten, baita ere. Azkenik, duela 55 bat urte zuzendaritza batzordean sartutako lehenengo hiru emakumeak omendu zituzten (Arantxa Soroa, Mari Carmen Zapirain eta Mariaje Nogues), orain arte presidente izandako emakume bakarrarekin, Agurtzane Manterolarekin batera. Aipatzekoa da, beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera, Eneko Goia Donostiako alkatea han izan zela.
Jarraian, mendeurren festako irudien bilduma ikus dezakezue: