Selva Almada idazle argentinarra izango da Literaktum Topaketetan
Selva Almada izango da aurtengo bigarren Literaktum Topaketaren protagonista. Jarduera Okendo Kultur Etxean izango da irailaren 19an, 19:00etan. Urte osoan zehar nazioartean ezagunak izan edo literatur saria jaso duten sortzaileen bisitak jasotzeko aukera ematen dute topaketa hauek, azaroan izaten den Literaktum jaialdiaren babesean.
Selva Almada Argentinako Entre Rios herrian jaio zen 1973an. Idazlea da eta No es un rio (2020), Ladrilleros (2013) eta El viento que arrasa (2012) nobelen egilea, besteak beste. 2017an argitaratu zuen El mono en el remolino. Notas del rodaje de Zama de Lucrecia Martel ingelesera, alemanera eta turkierara itzulita.
Jesus Lopez (2021) filmaren gidoilaria ere bada Almada, Maximiliano Schonfeld zuzendariarekin batera. Jesus Lopezek Donostiako Zinemaldian izan zuen mundu mailako estreinaldia (2021) eta Abrazo saria, Biarritzeko Zinemaldian film onenaren saria (2021), Mar del Platako Zinema Jaialdian Latinoamerikako film onenaren saria (2021), eta Entre Rioseko Zinemaldian ikusleen eta film onenaren saria (2021) irabazi zituen. Alejandro Millan Pastori zuzendariaren Lai (2017) dokumentalean ere parte hartu zuen. Selva Almada Latinoamerikako egungo literaturan etorkizun oparoko sortzailea da.
Topaketako solaskidea, Olga Grande (Errenteria, 1975), kazetaria izango da. Donostiako Ser irrati katearentzat lan egin du 24 urtez, eta Prisa Taldeko Gipuzkoako musika irratien koordinatzailea izan da. Irratian egin zuen azken aldian, kazetaritza sozial eta kulturalean espezializatu zen. 2019an ONCE Euskadi 2019ko Sari Solidarioa jaso zuen.