Zabaldu dute Porrontxoetako danborradan izena emateko epea
Aurtengo porrontxoetako danborrada irailaren 17an izango da, eta izen ematea zabaldu dute dagoeneko. Lehenengo urtean ateratakoek gaur, abuztuak 29, bihar, eta etzi izango dute horretarako aukera. Parte hartzaile berriek, aldiz, irailaren 1ean, 2an, 3an eta 4an egin ahal izango dute. Horretarako, porrontxojaiak@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko da, danborra edo barrila jo nahi den zehaztuz.
Entseguak irailaren 5ean eta 7an izango dira, Plaza Haundin. 12 urtetik beherakoek doan parte hartu ahal izango dute, 12 eta 18 urte artekoek 5 euro ordaindu beharko dute, eta 18 urtetik gorakoek, aldiz, 10 euro. Ordainketak entseguan bertan egingo direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta gutxienez entsegu batera joatea beharrezkoa dela nabarmendu dute.