Aldaketekin dator Herrerako Sukalde proiektuaren iraileko txanpa
Uda amaitzear da, eta Herrerako Sukalde proiektua iraileko txanpa abiatzera doa, aldaketa batzuekin. Hain zuzen ere, prezioen gorakadari aurre egiteko, aldaketak egin dituzte menuan, eta, besteak beste, ezin izango dituzte astero arrain platerak eskaini; prezioei eutsita, “eskaintza aberatsena mantentzeko ilusioa eta ardura” mantendu nahi dituzte.
Horrela, irailaren 5etik urriaren 2ra arte iraungo du ikasturte berriko lehenengo txandak, eta hiru menu eskainiko dituzte: oinarrizkoa, begetarianoa eta osoa; beheko irudian daude xehetasunak. Funtzionamenduak berdin jarraitzen du: astelehenean mezua bidaltzen diete bazkideei, eta bazkideek asteazkenerako menu aukeraketa egin behar dute, hurrengo astean anoak Herrerako Aterpean jasotzeko. Datorren asterako menua aukeratu daiteke dagoeneko, galdetegi bat beteta. Bestalde, Sukalde proiektuarekin bat egin nahi izanez gero, proiektuaren webgunean dago horretarako aukera.