Hamalau onenak sailkatuko dira Kontxako Bandera lehiatzeko
Bihar jokatuko da gizonezkoen sailkatze estropada, eta etzi emakumezkoena. Donostia Arraun Lagunak iazko irabazleak kanporaketa jokatu beharko du.
Kontxako Bandera hastear da sailkatze estropadekin. Bihar 18:00etatik aurrera arituko dira gizonezkoen 24 traineruak Kontxako badian: Arkote, Urdaibai, Cabo, Castro, Bueu, Castropol, Ares, Zumaia, Deustu, Getaria, Hibaika, Kaiku, Lapurdi, Lekeitio, Hondarribia, Mutriku, Ondarroa, Orio, San Juan, San Pedro, Samertolameu, Pedreña, Zarautz eta Zierbena. Irteera ordenaren zozketa 12:00etan egingo dute. Zazpi onenak sailkatuko dira datozen bi igandetarako, eta Donostiarrarekin batera izango dira bandera eskuratzeko lehian.
Etzi, berriz, emakumezkoen txanda izango da, 18:00etan. Guztira, 19 dira sailkatze estropada jokatuko duten traineruak: Donostia Arraun Lagunak, Cabo, Castro, Castropol, Chapela, Perillo, Rianxo, Zumaia, Deustu, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Mugardos, Ondarroa, Orio, Portugalete, Tiran, Tolosaldea eta Zarautz. Irteera ordenaren zozketa 12:00etan egingo dute.
Esan bezala, Arraun Lagunakek iazko irabazleak kanporaketa jokatu beharko du, beste behin ere. 2021ean sailkatze estropada eta bi jardunaldiak irabazi zituzten, eta historian lehen aldiz astindu zuten Kontxako Bandera. Zazpi onenak sailkatuko dira datozen bi igandetarako, eta Donostiarrarekin batera ariko dira.