Herrera pasealekua hobetzeko ia 400.000 euroko aurrekontua onartu du udalak
Donostiako Udalak Herrera pasealekuko zati bat hobetzeko kontratazioa espedientea onartu du. Zehazki, 49-71 zenbakien eta Harria parkearen artean dagoen eremua berrituko dute, ingurune horretako irisgarritasuna bermatzeko. Proiektua Alvaro Garcia Gonzalezek idatzi du, eta 395.000 euroko lizitazio aurrekontua du. Exekuzio epea lau hilabetekoa da.
Parkeko hormaren eta aparkalekuen artean dagoen espaloi txikia kenduko dute, eta espaloi berri bat eraikiko da etxebizitzetatik hurbilen dagoen eremuan. Espaloi honek bi metroko zabalera izango du. Horrekin batera, ibilgailuak zirkulatzeko bi noranzko gune bat antolatuko dute. Honek bi errei izango ditu, eta errei bakoitzak 2,75 metroko zabalera.
Bestalde, zeharka aparkatzeko gune bat egingo dute, 5 metroko sakonera izango duena. Eraikiko den espaloi berriaren eta dagoen hesiaren artean espaloiari eusteko zokalo txiki bat eraikiko dute, eta haren gainean baranda bat eta proiektatutako argi puntuak jarriko dituzte.