Udalak jubilatuen elkarteei diru laguntzak emango dizkie energia gastuei aurre egiteko
Donostiako Udalak 121.800 euro bideratuko ditu erretirodunen elkarteek argi eta gas gastuei aurre egin ahal izateko. Era berean, programatutako jardueretarako lokalak irekita mantentzea eta topaleku izaten jarraitzea da laguntzaren helburua.
Jubilatuen eta aurre erretirodunen irabazi asmorik gabeko elkarteek jaso ditzakete diru laguntza horiek, betiere elkarte horietan adineko pertsonek beren jarduera autoantolakuntza bidez garatzen badute, eta udal sareko lokaletan egoitza badute –udal titulartasuneko edo bestelako titulartasuneko lokalak izanik ere–. Nolanahi ere, egoitza horien jardun esparrua Donostiako udalerria izango da, eta parte hartzea eta zahartze aktiboa sustatu beharko dute.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua
Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzuko profesionalei prestakuntza programa emateko kontratua ere onartu du gaur. Lizitazioaren aurrekontua 50.900 eurokoa da, eta gauzatzeko epea, kontratua formalizatzen den egunetik 2023ko urriaren 31ra bitartekoa da.
Next Generation funtsek finantzatutako programa honen helburua etxez etxeko laguntzaileen gaitasun profesionalak, teknikoak eta zeharkakoak hobetzea da, mendekotasuna duten pertsonek beren etxeetan behar dituzten iraupen luzeko zaintzez arduratu ahal izateko, pertsonarengan oinarritutako arretaren esparruan.