Odon Elorzak Donostiako PSE-EEren alkategaia izan nahi du hurrengo hauteskundeetan
Marisol Garmendia egungo bozeramaile eta alderdikidearekin lehiatuko da urriaren 8an egingo duten hautaketan.
Odon Elorza, Donostiako alkate ohia, azken orduko berri batekin itzuli da. El Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez, PSE-EEko bere alderdikide Marisol Garmendiarekin –egungo bozeramailea– lehiatuko da Donostiako sozialisten hurrengo alkategaia izateko. Lehia hori urriaren 8an argituko da, eta, horrela, aurrekaririk gabeko prozesu bati hasiera emango dio Donostiako alderdiak.
Elorzak Donostiako alkatetza lortu zuen 1991ko ekainaren 20an, EAJrekin egindako akordio bati esker. 1999tik 2002 hasierara arte, PPrekin mantendu zuen alkatetza. Hortik aurrera, Ezker Batuarekin eta beste alderdi batzuekin izandako lankidetzari esker jarraitu zuen alkate izaten.
2011ko udal hauteskundeetan Bilduk irabazi zuen Donostian, eta sozialistek hainbat eserleku galdu zituzten udalean. Une horretan, alkate izateko hautagaitza eta zinegotzi kargua utzi zituen Elorzak. 2014tik Espainiako Kongresuko diputatua izan da, Gipuzkoan lortutako eserlekuarekin.