Zaildu egin da Sadiqen fitxaketa
Hainbat kirol hedabidek azken orduotan aurreratutako informazioaren arabera, Realak ia itxita zuen Sadiq Umar aurrelari nigeriarraren fitxaketa, baina Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratu berri duenaren arabera, Realak eta Almeriak (han jokatzen du egun Sadiqek) bart egin zuten akordioa hautsi du Turki Al-Sheikh xekeak, Almeriaren jabeak. Horrela, operazioa geldirik dago orain.
Alexander Isak Newcastle Unitedera joan ostean, fitxaketa posible askori buruz hitz egin da azken egunotan, eta astelehenean Alexander Sorloth utzita iritsi ondoren, Jokin Aperribai Realeko presidentea, Roberto Olabe futbol zuzendaria eta haren Erik Bretos laguntzailea Sadiqen fitxaketa itxi nahian dabiltza Madrilen. Bart egin zuten akordioaren arabera, Realak 20 milioi euro ordainduko lizkioke Almeriari, eta jokalariaren lorpenen arabera, beste zortzi milioi ordaintzera ere iritsi daiteke; 2027ra arte sinatuko luke kontratua Realarekin. Al-Sheikhren baiezkoa falta zen.
Almerian jokatzen du gaur egun 25 urteko nigeriarrak, eta bi gol sartu ditu ligako lehenengo hiru jardunaldiotan. Lehenengo mailara igo berri da talde andaluziarra, baina bigarren mailan egon den bitartean, Sadiqek 43 gol sartu ditu jokatu dituen 84 partidetan. Aurretik, Serbiako Partizan taldean, Italiako bigarren mailako Perugia Calcion, Herbehereetako NAC Bredan eta Italiako lehenengo mailako Torinon, Bolonian eta Roman jokatu du. Nigeriako selekzio absolutuarekin ere zazpi partida jokatu ditu dagoeneko, eta gol bat sartu du.
Realak oraindik ez du fitxaketa baieztatu, baina gauzatuz gero, klubaren historiako fitxaketarik garestiena izango litzateke Sadiquena, Asier Illarramendirenaren (17 milioi euro), Carlos Velarenaren eta Alexander Isakenaren (15 milioi euro) gainetik.