Realak baieztatu egin du Sadiquen fitxaketa
Goizean iritsi da Sadiq Umar (Kaduna, Nigeria, 1997) aurrelaria Donostiara, poliklinikan mediku azterketa pasatzeko eta Realarekin sinatzeko, eta klub txuri-urdinak dagoeneko ofizial egin du fitxaketa. Azkenean, Almeriarekin ados jarri da Reala, Sadiqek talde txuri-urdinean joka dezan. Hainbat hedabide eta kazetarik zabaldu dutenez, Realak 20 milioi euro ordainduko dizkio Andaluziako taldeari, eta jokalariaren lorpenen arabera, beste sei milioi ordaindu beharko dituzte. Klubak jakinarazi duenez, 2027-2028ko denboraldiaren amaierara arte sinatu du Sadiqek Realarekin, eta 25. dortsala eramango du.
25 urteko aurrelari nigeriarrak bi gol sartu ditu ligako lehenengo hiru jardunaldiotan, Almeriarekin. Lehenengo mailara igo berri da talde andaluziarra, baina bigarren mailan egon den bitartean, Sadiqek 43 gol sartu ditu jokatu dituen 84 partidetan. Aurretik, Serbiako Partizan taldean, Italiako bigarren mailako Perugia Calcion, Herbehereetako NAC Bredan eta Italiako lehenengo mailako Torinon, Bolonian eta Roman jokatu du. Nigeriako selekzio absolutuarekin ere zazpi partida jokatu ditu dagoeneko, eta gol bat sartu du.
Astelehen gauean zirudien fitxaketa itxita zegoela, baina astearte eguerdirako operazioa geldirik zegoen. Hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, Turki Al-Sheikh xeke eta klubaren jabeak eten zuen fitxaketa, Realari diru gehiago eskatu nahi ziolako. Azkenean, ordea, akordioa itxi dute.
Horrela, klub txuri-urdinaren historiako fitxaketarik garestiena da orain Sadiqena, Asier Illarramendirenaren (17 milioi euro), Carlos Velarenaren eta Alexander Isakenaren (15 milioi euro) gainetik. Gogoratu behar da Alexander Isak Newcastle Unitedera joan zela duela astebete eskas, talde britainiarrak Realari 70 milioi euro ordaindu ostean. Dena den, Sadiqena ez da txuri-urdinen inkorporazio bakarra, Alexander Sorloth taldera itzuli baita, utzita.