"Turismo eredu berri bat" eskatu du Reyes Carrerek
EH Bilduk, Donostiak “turismo eredu berri bat” behar duela adierazi du gaur goizean. Reyes Carrere, ezker independentisteko udal zinegotziak, egin du udako balorazioa eta adierazi du Goiaren alkatetzan “ezarri den eredu turistikoak herritarren artean arazoak sortzen” jarraitzen duela. “Etxebizitzaren prezioa goraka jarraitzen du, mugikortasuna kaos bat da, masifikazioa biderkatu egin da eta klima-aldaketaren aurkako borrokan atzera pausuak ematen ari gara”, gaineratu du Carrerek.
Carrerek aurten turista kopurua “izugarri” igo dela esan du: “azken datuaren arabera, uztailean % 20 igo da, 2019koarekin alderatuta”. 2017tik indarrean dagoen Turismo Zuzendaritza planak “1.250.000 gaualdiekin nahikoa zela” adierazten duela nabarmendu du eta aurten “1.750.000 gaualdi edo gehiago” izango direla salatu du. Turismoaz gain, mugikortasunari buruz ere hitz egin du Carrerek. “Egunero auto-ilarak izan ditugu, plangintzaren kaosaren eta etengabeko aldaketen ondorioz”, adierazi du. “Gainera, ez dago inolako asmorik egoera aldatzeko, ez eta disuasio-aparkaleku berriak jartzeko eta are gutxiago zentroko lurpeko aparkalekuen funtzioa birplanteatzeko”, gaineratu du.
Bestalde, Marrutxipiko zuhaitzen mozketari buruz, “erabat zaharkituta jaioko den errepide batean, atzera-pausu bat” dela adierazi du. Horren guztiaren ondorioz, Goiari ” euskal herritarrei eta donostiarrei argibideak ematea” dagokiola ohartarazi du, eta “donostiarrak oso kezkatuta daudela” nabarmendu du. “Goia donostiarren nahi eta beharrekin deskonektatuta ikusten dugu” adierazi du EH Bilduko zinegotziak.