Nina Kraviz, Red Axes, FJAAK, Chloe Robinson eta Facta, besteak beste, aurtengo Dantz jaialdian
Aurtengo Dantz jaialdia irailaren 8an, 9an eta 10ean egingo da Donostiako hainbat gunetan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiak orain arte izan duen ediziorik “anbiziotsuena” izango da, eta besteak beste, Nina Kraviz, Red Axes, FJAAK, Chloe Robinson, Facta, El_Txef_A eta Balza izango dira nazioarteko jaialdiaren seigarren aldian.
Espazioei dagokienez, lehenengo eguneko Dantz Pointa nabarmentzen da (irailaren 8an), Kursaaleko Urumea Plazan. Eta, berriz ere, Miramongo Anfiteatroa agertoki izatera itzuliko da, gune kultural eta artistiko gisa duen benetako ahalmena erakusteko. Tabakalerak, aldiz, protagonismo handiagoa du, ordutegi eta formatuei dagokienez programazio zabalago eta trinkoagoarekin, non Patioa, Kutxa Kultur Plaza eta Kutxa Kultur Klubako espazioak nabarmentzen diren, eta baita eraikinaren kanpoaldea ere, Nestor Basterretxea Plazarekin.
Maila artistikoan, Dantzek bi ardatz nagusi ditu beti. Batetik, arte-zabaltasuna, eta, bestetik, kalitatea. Antolatzaileen aburuz, Nina Kraviz Dantz-era ekarri izana “mugarria” izan da, mundu mailan eragin handiena daukan DJ-etako bat baita.
Jaialdiko jarduerak
Lehenengo egunean, irailaren 8an, Dantz jaialdia Kursaaleko terrazetan hasiko da 19:00etan DJ Loreaken eskutik. Loreaki Miravallesek eta Orphidalek jarraituko diote. Lehenengo egun hori guztiz doakoa izango da.
Irailaren 9an jarduera-programa Tabakalerako eta inguruko hiru espaziotan ospatuko da. Hasiera gisa, goizetik, Dantz Academyren (formazioa) bi showcase egingo dira, DJing eta ekoizpen klaseen bidez, TABAn. Ondoren, TABAn bazkari herrikoi bat egitea proposatu da, joan nahi duenarentzat irekia. info@dantz.eu helbidean informazioa eskuratu eta izena emateko aukera dago. Horren helburua networking kultural eta artistiko bat, eta batez ere, publiko eta artisten arteko komunitatea sortzea da.
Arratsaldean, Nestor Basterretxea plazan, DJak izango dira 17:00etatik 21:00etara, Akazie, Kimho, Lagant eta Matvoice artisten eskutik. Abyme Nabar eta Enrique del Castilloren doako Live Live saioez ere gozatu ahal izango da KUTXA KULTUR KLUBA aretoan, ostiraleko 19:00etatik 21:00etara.
Jarraian, The Two Mamarrachos eta FJAAK bikote alemaniarra Tabakalerako Patioan, 21:00etatik 00:00etara izango dira. Jaialdiaren bigarren eguna amaitzeko, Tabakalerako TABA tabernan hiru artista izango dira 0:00etatik 03:30era. Modulor, Neska eta Dans.
Azken egunean, irailaren 10ean, 12:00etatik 13:30era, DJ Bihotzak Heartz Family doako ekitaldia eskainiko du Kutxa Kultur Plazan (Tabakalerako 4. solairuan). DJ Bihotzak ematen dio bizia HEARTz proiektuari. Proiektu horretan Kluba, Family eta Irratia daude, eta hainbat gune eta ekintzatatik gizarte elektronikaren kontzeptua garatzen du. Sinismen-balioak, berdintasuna, ikusgarritasuna, integrazioa eta errespetua sustatzen ditu, elektronikari balioa emanez kulturaren barruan.
Jaialdiaren ekitaldi nagusia Miramongo anfiteatroan hasiko da 17:00etatik 00:00etara. Anfiteatroan Red Axes (Israel) eta El_Txef_A B2B Balza artistak arituko dira. Baina izen horien artean Nina Kraviz DJ errusiarra nabarmentzen da, musika elektronikoaren munduan aurpegi ezagunenetakoa. Bera arduratuko da Miramon anfiteatroko saioak ixteaz.
Ondoren, jaialdiak Tabakaleran jarraituko du 00:00etatik 06:00etara, Patioan hain zuzen ere. Patioan Arizonako Billy, Chloe Robinson, Facta eta Jailed Jamie aka Skygaze artistak arituko dira.
Egitarau osoa hemen irakur dezakezue.