Sadiq Donostian da Realarekin sinatzeko
Txuri-urdinek 20 milioi euro ordainduko dizkiote Almeriari; historiako erosketa garestiena da.
Gaur goizean iritsi da Donostiara Sadiq Umar aurrelari nigeriarra. Poliklinikan mediku azterketa pasa ondoren, kontratua sinatuko du Realarekin. Azkenean, Almeriarekin ados jarri dira Sadiqek talde txuri-urdinean joka dezan. Hainbat hedabide eta kazetarik zabaldu dutenez, Realak 20 milioi euro ordainduko dizkio Andaluziako taldeari, eta jokalariaren lorpenen arabera, beste sei milioi ordaindu beharko dituzte.
Alexander Isak Newcastle Unitedera joan ostean, fitxaketa posible askori buruz hitz egin da azken egunotan, eta astelehenean Alexander Sorloth utzita iritsi ondoren, Jokin Aperribai Realeko presidentea, Roberto Olabe futbol zuzendaria eta haren Erik Bretos laguntzailea Sadiqen fitxaketa adosten aritu dira Madrilen. Hasiera batean, Almeriarekin akordioa lortu zuten abuztuaren 30ean, baina Turki Al-Sheikh xeke eta klubaren jabeak bart fitxaketa eten zuen. Dena dela, bart gauean bi aldeak ados jarri ziren.
Sadiqek 25 urte ditu eta bi gol sartu ditu ligako lehenengo hiru jardunaldiotan. Lehenengo mailara igo berri da talde andaluziarra, baina bigarren mailan egon den bitartean, Sadiqek 43 gol sartu ditu jokatu dituen 84 partidetan. Aurretik, Serbiako Partizan taldean, Italiako bigarren mailako Perugia Calcion, Herbehereetako NAC Bredan eta Italiako lehenengo mailako Torinon, Bolonian eta Roman jokatu du. Nigeriako selekzio absolutuarekin ere zazpi partida jokatu ditu dagoeneko, eta gol bat sartu du.