Jaietara gazteak erakarri nahi dituzte
Datorren astean, Aieteko jaiak izango dira. Gazteak erakartzeko, Indabe taldearen kontzertua antolatu du euskara batzordeak. Aurten ez da euskaldunentzat "garrantzitsua" den kantujira izango, kultur etxeak ez baitio babesik eman.
Hiru urte pasatu dira azkeneko Aieteko jaiak antolatu zirenetik. Aurten irailaren 9an hasi eta 24an amaituko dira. Arduradunek zailtasunak izan dituzte aurtengo egitaraua osatzeko, baina azkenean jaiak aurrera ateratzea lortu dute. “Gogoz geunden, baina gauza askok denbora behar dute”, aitortu du Arantxa Lakadenak, Aieteko euskara batzordeko kideak. “Normalean, beti aritzen gara inprobisatzen, eta aurten uztailean hasi gara dena antolatzen”, gaineratu du.
Aieteko auzoa gogotsu dago jaiak ospatzeko, hiru urte hauek luzeak egin baitira: “Auzotarrek eta saltoki askok haien poza helarazi digute jaiak berriz ere martxan jartzeagatik, eta askok, gainera, babesa eman digute”, adierazi du Lakadenak. “Joan den urtean jarduera batzuk antolatu genituen, baina ezin zitzaien jaiak deitu”, aitortu du.
Jaietan, euskara batzordeaz gain, beste eragile batzuk aritu dira egitaraua antolatzen: “Guk soilik asteburu bat antolatzeko ardura hartu dugu, gure ustez jaietako muina dena, eta gainontzeko egitaraua beste eragile batzuk egin dute”, azaldu du Lakadenak. “Danborrada eta erretiratuen jarduerak, adibidez, Lantxabe auzo elkarteak antolatu ditu”, gaineratu du.
Jarduera ugari antolatu dituzte aste osorako. Aipatzekoak dira haur jolasak, Indaberen kontzertua , frontenis txapelketa, Jolastokin antolatuta duten herri bazkaria eta Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean egingo den diana Donostiako Udaleko txistulari taldearen emanaldia.
Lakadenak aitortu du aurtengo egitarauan ez dagoela jarduera berririk, baina lantaldean aldaketak egon direla onartu du: “Gu oso pozik gaude haur jolasak antolatzeko gazte batzuk batu direlako lan-taldera, eta haiek arduratu dira horietaz”. Bestalde, Etxadi tabernak binakako frontenis txapelketa antolatu du Miramongo Anfiteatroan. “Egitarauan ez da ezer berririk egon, baina guretzat berria auzotarren partaidetza izan da, jendea gogotsu ikusten dugulako”, azaldu du Lakadenak.
“Aieteko jaietako jarduera arrakastatsuenak, normalean, haurrentzat direnak dira”, adierazi du. Dena den, euskara batzordeak gazteen partaidetza areagotu nahi du eta egitarauan beraientzako jarduerak sartzen saiatzen ari dira. “Aurten ilusio pixka bat daukagu. Azken jaietan haiek hartu zuten DJ-a kontratatzeko ardura, eta aurten, Antiguako talde bat ekarri dute: Indabe”, aitortu du Lakadenak. “Pentsatu nahi dut gazteentzako gauzak egiten ari garela eta beraiek erantzutea nahiko nuke”, plazaratu du.
Kantujirarik ez da izango
Euskara batzordeak eta kultur etxeak beraien artean arazoak izan dituzte aurten, egitaraua osatzeko. “Gu inoiz ez gara ondo koordinatu kultur etxearekin, baina oraingoan, haiengana joan garenerako beraiek dena antolatuta zuten”, azaldu du Lakadenak. Kultur etxeak denborarekin antolatzen ditu jarduerak eta horregatik egitarautik kanpo gelditu dira batzordearentzat garrantzitsuak diren batzuk. “Niri, adibidez, pena handia eman dit urtero antolatzen den kantujira aurten egin ahal ez izatea”, aitortu du Lakadenak.
Kantujiran bertsolariek parte hartzen zuten, kultur etxeak ordainduta. “Aurten, kultur etxeak ez zeukan pentsatuta bertsolariak ekartzea; aurrekontu gutxiago zegoela esan ziguten”, azaldu du. Lakadenak aitortzen duenez, ez da “jende gehien biltzen duen ekitaldia”, baina euskaldunentzako eta auzoko kide batzuentzako “garrantzitsua” zen jarduera bat egitarautik kendu behar izan dute.
Batzordetik argi dute pandemiaren etenarengatik izan ez balitz, kantujira aurtengo egitarautik kanpo ez litzakeela geldituko eta, horregatik, gertakari hori denbora faltari atxikitzen diote. “Datorren urterako dugun helburuetako bat kantujira berreskuratzea izango da. Ea posible den”, gaineratu du Lakadenak.
Aieteko egitaraua hemen irakurri dezakezue.