Desertura bueltan, mundu berri bat ezagutu ostean
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik 8 urteko bost haur etorri dira aurten Donostiara, beraien bizitzan lehenengo aldiz. Arazo administratiboak direla eta, hilabete beranduago iritsi ziren, eta herenegunera arte egon dira hemen. Haiek joan baino lehen, euren harrera familiekin elkartu gara, eta haurrak etxean hartzea nolako esperientzia izan den azaldu dute, datorren urterako familia gehiago abentura honetan murgiltzera animatzeko asmoz.
Kostata, baina bi urteko etenaldiaren ostean, udan berriro itzuli dira Donostiara Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako haurrak. Oporrak Bakean programa arduratzen da haur horiek uda basamortutik eta errefuxiatuen kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera izateaz, familia euskaldunek herri sahararra lagundu eta haurrek beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera eduki dezaten. Aurten inoiz baino gutxiago izan dira, ordea. 2019an 30 haur etorri ziren; oraingoan bost izan dira, lau familiatan banatuta. Horiek etxean hartu dituzten hiru familiarekin hitzordua egin du IRUTXULOKO HITZAk, haurrek Euskal Herria atzean utzi, eta berriro ere euren familiekin desertuan elkartu baino lehen.
Emma Eizagirrek Mahyub Salec eta Mohammed Jalihenna izan ditu etxean, Fernando Ruiz eta Jaso Larruskain bikoteak Lala Yeddu, eta Miguel Angel eta Oihana Moreno aita-alabek Mustafa Youda.
Hiru familia horientzat Saharako haur bat etxera ekarri duten lehenengo aldia izan da, eta, orokorrean, oso pozik daude uda honetan bizi izan dutenarekin. “Egia esan, oso ondo pasatu dugu. Esperientzia desberdina izan da, berria, eta oso atsegina, bai guretzat eta baita Lalarentzat ere. Guk etxean bi seme-alaba ditugu, eta hirurek oso ondo pasatu dute elkarrekin. Denetarik izan dugu, liskarrak barne, baina baita oso momentu gogoangarriak ere”, azaldu du Ruizek. “Nire kasuan ere berdin. Egia esan, uda bizia izan da. Haurrak ez dira luzaroan egon gurekin, eta nire etxean umerik ez dagoenez, nire alaben haurtzarora itzultzea bezala izan da”, gehitu du Miguel Angel Morenok. Iritzi berbera du Eizagirrek ere, nahiz eta haurrekin egotera ohituta ez egon: “Nik bi haur ekarri ditut, eta ez nengoen ohituta umeekin egotera. Hasieran pixka bat zaila izan zen, hizkuntzagatik ez genuelako elkar ulertzen, baina keinuekin lortu genuen komunikazioa erraztea. Oso esperientzia aberasgarria izan dela uste dut, bai niretzat eta baita beraientzat ere”.
Gehienek irratian entzun zuten albiste batengatik hartu zuten haurra ekartzeko erabakia: epea itxita zegoen dagoeneko, eta Donostiako oso familia gutxi animatu ziren Oporrak Bakean programan parte hartzera. “Egun batean, lanetik irteterakoan irratian entzun genuen Saharako haurrak etortzeko izen emate epea itxi zutela, eta soilik hiru familiak eman zutela izena lau haur etortzeko. Nire kasuan, 2016tik kanpamentuetara joaten naiz lanera erizaina naizelako, eta, beraz, ezagutzen nuen bertako errealitatea. Aitak deitu zidan, eta animatzea pentsatu genuen”, azaldu du Oihana Morenok.
Ruiz ere izanda zegoen kanpamentuetan: “2006an errefuxiatuen kanpamentuetan izan nintzen, eta beti eduki izan dut hori gogoan. Gainera, gure alaba Nahiaren adina kontuan izanda, pentsatu genuen momentu egokia zela orain”. Eizagirrek, aldiz, oso bestelako planak zituen hasieran. “Eskoziara nindoan oporretan, eta inola ere ez nuen pentsatzen Saharako haur bat ekarriko nuenik. Saharari buruzko berri gehiegirik ere ez nuen, zerbait entzunda nuen arren. Baina irratian entzun nuenean, pentsatu nuen mundua hankaz gora dagoela, eta nik ere egin nezakeela zerbait Eskoziara joan ordez. Beraz, planak aldatu eta haur bat ekartzea erabaki nuen”, adierazi du Eizagirrek.
Haurrak ekartzeko egin beharreko tramiteak sinpleak direla nabarmendu dute, Oporrak Bakean programan izena eman ostean, udala arduratzen baita familiei azaltzeaz eman beharreko pausoak zeintzuk diren. “Norberak bere eskaera aurkeztu behar du, eta ondoren psikologo edo gizarte langile bat joaten da etxera Saharako haurra egongo den lekua eta harekin egongo diren pertsonak egokiak direla ziurtatzeko. Prozesua sinplea dela esango nuke”, baieztatu du Miguel Angel Morenok.
Hilabete beranduago iritsi dira
Izatez, ekainaren amaieran iritsi behar zuten haurrek, Donostian bi hilabete igarotzeko. Tramite administratiboetan arazoak egon dira, ordea, eta uztaileko azken astean iritsi ziren azkenean. “Normalean, otsailerako programa itxita egoten da, eta haurren fitxak prest. Baina, aurten, estatuko tramite administratiboetan arazoak izan dira, eta ekainaren amaierara arte ez zen itxi. Horrez gain, normalean, Espainiako Gobernuak Oporrak Bakean programa onartzen duenean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, eta horrek haurren bisa tramitatu ahal izatea eragiten du, hona etorri ahal izateko. Aurten, ekainaren bukaeran itxi zuten dena, eta astebete beranduago argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialean. Horren ondorioz, dena atzeratzen joan ziren”, azaldu du Oihana Morenok.
Morenoren arabera, “isiltasun administratibo bat” egon da, eta horren ondorioa izan da haurrak hilabete beranduago etortzea. “Gu ahal dugun moduan informatu gara, baina ez digute ezer ofizialik esan. Espainiak Marokorekin zituen hitzarmenak izan daitezke arrazoia, Saharari eragiten diotelako. Eta horrek Aljeriako Gobernuarekin arazoak eragin ditu. Horrez gain, Aljeriako Gobernuak hegaldiak murriztu zituen, eta gauza bat bestearen atzetik etorri da. Nik uste dut, gainera, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Madrilen bildu zela data horietan, eta horri garrantzi gehiago eman ziotela”, nabarmendu du Miguel Angel Morenok.
Atzerapen horrek, batez ere, familiei logistikan eragin die. “Egia da emozionalki ez zidala asko eragin haurrak ez nituelako ezagutzen oraindik, baina logistikoki bai. Beraiek bi hilabeterako etortzen direnez, nik hilabeteko oporrak hartu nituen beraiekin egoteko denbora izateko. Baina, azkenean hiru edo lau aste beranduago etorri zirenez, bitarte horretan zain egon nintzen. Ez ziguten esan data zehatzik, eta, egun batetik bestera etor zitezkeen”, adierazi du Eizagirrek.
“Nire kasuan, taldeko seniorra izateko zortea dut, eta denbora aldetik behintzat ez dut inolako arazorik izan. Hala ere, egia da ezjakintasuna genuela ez zegoelako ezer zehaztuta, eta horrek familiako erritmoan eragina izan du. Horrez gain, aurreikusita zegoen denboraren erdia pasatu dute hemen, eta jarduerak ere denbora horretara mugatu behar izan ditugu: mediku azterketak, jarduerak…”, azaldu du Miguel Angel Morenok.
Bere alabari, emozionalki ere eragin dio atzerapenak: “Nahiz eta haurra ez ezagutu, eragin dit zerbait barrenean. Batez ere, honek nola eragin diezaiekeen hurrengo urteetako bidaiei, eta programaren helburuari ere bai. Hau ezin da ohitura bihurtu. Duela 40 urte inguru etortzen dira haurrak, eta beti oso zehatzak izan dira datekin. Hau gorabeherak egon diren lehenengo urtea izan da, eta horrek pentsarazi dit ea zer dagoen horren atzean eta zer ekar dezakeen”.
Aipatu bezala, aurten ume gutxiago etorri dira, eta Oihana Morenoren arabera, “pandemia eta krisi ekonomikoa” izan dira familia gehiago ez animatzeko arrazoiak. “Estatuan ere, lehen 4.200 haur etortzen ziren, eta aurten 2.200 etorri dira. Beraz, nahiko arazo orokorra dela uste dut. Hala ere, pentsatzen dut datorren urtean askoz familia gehiagok emango dutela izena”, adierazi du.
Ruizi bestelako azalpen bat eman zioten udaletxean: “Guri esan ziguten Saharatik esaten zutela zenbat haur etorriko ziren, eta kopuru horrentzako familiak behar izaten zirela. Orain, ordea, alderantziz da: lehenengo familiek ematen dute izena, eta horren arabera ekartzen dituzte haurrak”.
Ezjakintasunetik, konfiantzazko harreman batera
Arazoak arazo, haur batzuk behintzat izan dute desertuko berotik aldendu eta paisaia eta jende berria ezagutzeko aukera. Elkar ezagutzerakoan haurrek ezjakintasun handia sentitzen badute ere, inguru berrira berehala ohitzen direla diote familiek. “Beldurra eta mesfidantza ere sentitzen dute. Baina lehenengo bi egunak pasatzen direnean, munduko konfiantza osoa hartzen dute, eta baita zoriontasuna eta lasaitasuna ere, badakitelako leku seguru batean eta ondo zainduko dituzten familia batekin daudela”, azaldu du Oihana Morenok.
Haurrek 8 urte dituztenez, dena oso “deigarria” egiten zaiela nabarmendu du Eizagirrek: “Kanpamentuetatik ateratzen diren lehenengo aldia da, eta baita hegazkin bat hartzen dutena ere. Geografia ere desberdina da: hemen zuhaitz batek ere atentzioa ematen die. Estimulu berri asko dira aldi berean, eta haurrek behar izaten dute horiek prozesatzeko denbora bat. Hala ere, Oihanak esan duen bezala, bi egun pasatutakoan ohitu egiten dira”.
Komunikatzeko zailtasuna ere traba bat izaten da hasieran, Ruizen aburuz: “Hasieran, ezin gara elkarrekin komunikatu ez dugulako elkar ulertzen: beraiek ez dakite euskaraz edo gaztelaniaz, eta guk hassanieraz ere ez. Horrek dena zailtzen du”.
Hala ere, Ruizen arabera, moldatzea uste zuena baino errazagoa izan da. “Pentsatzen genuen lurrean lo egin beharko genuela berarekin, eta jatea eta lo egitea kosta egingo zitzaiola, baina ezta pentsatu ere. Dena oso ondo joan da, eta ezer ez da aldatu guretzat”, adierazi du.
Eizagirreren kasuan ere, erraza izan da moldatzeko prozesua: “Bi haur hartu ditudanez, hizkuntza aldetik errazagoa izan da beraientzat. Gainera, medikuarengana, oftalmologoarengana eta dentistarengana joan behar izan dugunez, Saharako gainerako haurrekin elkartzen ziren, eta hori aberasgarria da beraientzat”. Morenoren ustez ere, bizikidetza “ia perfektua” izan da Mustafa haurra etxean izan dutenean.
Esperientziarekin gustura geratu dira familiak eta haurrak, baina txikiek etxera bueltatzeko gogoa ere bazuten: “Lalak badu Saharara itzultzeko gogoa. Egia da bere familiarekin egiten genituen bideo deiak hasieran berarentzat gogorrak izaten zirela, eta gero triste jartzen zela. Gaur egun, ordea, bideo deietan normaltasun osoz hitz egiten du bere familiarekin. Gauzak kontatzen dizkie, eta ondo ikusten dugu, baina itzultzeko gogoa du. Atzera kontaketa egiten ari gara, baina galdetu diogu ea datorren urtean itzuli nahi duen, eta orain arte ezetz esan du. Orain esan digu baietz, hara itzuli nahi duela, baina datorren urtean hona etortzea gustatuko litzaiokeela”, esan du Ruizek.
Mustafaren kasuan, eguna iristen zihoan heinean, “gero eta gogo gehiago” zuela esan du Miguel Angel Morenok. “Hala ere, beti esaten digu gutako norbait berarekin Saharara joatea nahi duela. Lehen esaten zien gurasoei ez zuela itzuli nahi, batez ere, han bero handia egiten duelako. Baina bere gurasoak eta anaiak han daude, beraz, logikoa da haiekin egon nahi izatea, nahiz eta hemen oso pozik egon”.
Eizagirrek ere atzera kontaketa egin zuen Mahyubekin eta Mohammedekin. “Itzultzeko gogoa dute, baina badakit hemen ere pozik daudela. Normala da etxera itzuli nahi izatea, eta familiari eta lagunei hemen bizi izan duten guztia kontatzeko gogoa izatea. Argazki bilduma eraman nahi dute, eta esaten dute lo asko egin ostean berriro etorriko direla Donostiara”, azaldu du, barrez.
Esperientzia errepikatzeko erabakia
Boteprontoan, hiru familiak prest daude datorren udan esperientzia errepikatzeko. Hori bai, behin haurrak joandakoan sakonago aztertuko dute bizi duten guztia, emozioak dantzan izan dituztelako. Hala ere, familia gehiago animatu nahi izan dituzte esperientzia bizitzera, eta Oihana Morenok argi ditu arrazoiak: “Uste dut haur bat ekartzeak denbora eta energia eskatzen digula guri, baina beraientzat mugarri bat da. 54 gradu dauden desertu batetik ateratzeko aukera ematen die. Bertan ez dute mediku zerbitzurik, elikadura oso urria da eta aukerak ere ez dira ugariak. Beraz, garrantzitsua da haiei beste errealitate bat dagoela erakustea, izan ere, errefuxiatuen kanpamendu batean bizitzeak ez du esan nahi ezin dutela hau ezagutu: beraien Sahara librean izango luketena, hain zuzen ere”.