Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek 1922ko estropadak berreskuratu dituzte
Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek elkarlanean bultzatzen duten #KONTXA100 proiektuaren edizio berri bat aurkeztu dute: #Kontxa1922. Donostiako Kontxako Banderaren bi igandeen arteko astean gauzatzen den proiektu kulturalaren aurkezpenean, Harkaitz Millanek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Diputatuak, Eneko Goiak Donostiako alkateak, Xabier Alberdik Euskal Itsas Museoko Zuzendariak eta Alejandro Larrodek Aquarium-eko Museo arloko koordinatzaileak, parte hartu dute. Bosgarren urtez jarraian, egitasmo honekin Kontxako estropaden ondare kultural eta historikoa agerian utzi nahi dute, duela 100 urteko estropadetan gertatutakoaren historia berreskuratuz.
Seigarren urtez, egitasmoak traineru estropaden ondare kulturala eta historikoa berreskuratu nahi du, duela 100 urteko estropadetan gertatutakoa azalduz. Aurten, 1922ko estropadak ikertu eta zabaldu nahi dira, hain zuzen ere. 1922ko Kontxako Banderaren edizioa Lehen Mundu Biraren laugarren mendeurrena ospatzeko ekitaldien programan sartu zen, Elkano estropada izenarekin. Soterotxok irabazi zuen banderari “Elkanoko Bandera” deitu zioten, eta oso estimatua zuen izaera bereziagatik eta pisu sinboliko handiagatik. Ciaboga aldizkariaren 6. alea kaleratuko dute, istorio hau kontatuz.
Bestetik, ‘KONTXA1922: Duela 100 urteko estropadak’ erakusketa estreinatuko dute. Erakusketak duela 100 urteko estropaden gertaerak, irudiak eta objektuak ditu ikusgai, hala nola Ur Kirolak Kirol Elkarte Nautikoak utzitako 1922ko “Elkano Kopa”. Horrez gain, material birziklatuz egindako begirada ironiko bat duen diorama bat egongo da ikusgai. Sarrera doan izango da eta Euskal Itsas Museoko hirugarren solairuan, ganbara aretoan, izango da ikusgai irailaren 1etik 11ra.