Kijera omendu dute, haren erailketaren 43. urteurrenean
Omenaldia egin diote ostegun arratsaldean Iñaki Kijerari, haren erailketaren 43. urteurrenean, Miramarren, Antiguan. Dantza eta lore eskaintza egin dute Kijeraren omenezko oroitarria dagoen lekuan.
1979ko abuztuaren 31n, Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen babes eskubidearen alde Gipuzkoako Aldundian itxialdia egin zuten hainbat eragile politikok, eta hurrengo egunean, irailaren 1ean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak antolatu zituzten. Joaquin Argote Gipuzkoako gobernadore zibilak Donostiako manifestazioa debekatu zuen, baina manifestatzaileak, azkenean, Bulebarretik atera ziren, eta horregatik, Espainiako poliziak parte hartzaileak bortizki jo zituen.
Kijerak manifestazio horretan parte hartu zuen lagun batzuekin, eta liskarrak hasi zirenean Parte Zaharreko kaleetan zehar murgildu zen. Polizia Parte Zaharretik sartu zenean, neska batekin batera, Alderdi Ederrera abiatu zen, eta bertan, polizia batek, 10 metrotik, tiro egin zion fusil batekin. Hamabost minutu inguru igaro zituen Kijerak lurrean botata, eta poliziak harengana hurbiltzen zen pertsona orori, kolpeka eta pilotakadaka eragotzi zien, baita Gurutze Gorriari ere. Azkenean, lagunek Kijera auto batean sartu eta anbulantzia bateraino eramatea lortu zuten, baina ospitalera iritsi ondoren hil zen.