SOS Arrazakeriako kideek abordatzean parte hartzeko aukera izan dute aurtengo Aste Nagusian
Donostiako Piratek hainbat eragile eta herri mugimendu gonbidatu dituzte aurtengo Aste Nagusiko jardueretan parte hartzera; SOS Arrazakeria, besteak beste. Elkarteak atzo bere webgunean argitaratu zuen erreportaje baten bidez kontatu du Donostian bizi diren etorkinen esperientzia nolakoa izan zen abordaian. Jarraian irakur dezakezue SOS Arrazakeriak argitaratutako erreportajea:
Azzaddine El Hamdik urte bat bete du estatuan, eta zortzi hilabete baino gehiago daramatza Donostian. Bere prozesu migratorioak –hainbat gazterenak bezala– momentu latz ugari izan ditu, baina gaurkoan irribarretsu dabil Aste Nagusiaz hitz egiten. Bertan parte hartu du lehenengo aldiz.
20 urte bete dituzte aurten Donostiako Piratek, 20 urte jai herrikoi, parte hartzaile eta askatzaileak sustatzen. Jaiak hiriaren aniztasunaren isla izan daitezen, hainbat eragile eta herri mugimendu gonbidatu dituzte aurten Aste Nagusian parte hartzera, besteak beste, Hiritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa. Izan ere, hiriko gazteak dira jai hauen euskarri, eta Azzadine bezalako gazteek ere osatzen dute Donostiako gazteria.
Proposamena zabaldu genuenean ez genekien zelako harrera izango zuen, baina ustekabe atsegin batekin topo egin genuen. 42 lagunek eman zuten izena Abordatzean parte hartzeko, gehienak gazte migratzaileak baina baita ere ekimen desberdinetako boluntarioak. Horien artean, Kaleko Afari Solidarioak, auzotar talde boluntarioa, egunero egoera zaurigarrian dauden pertsonei afariak banatzen dituen taldea. Elkarrekin, ontziak eraikitzeko paleak bilatu eta Donostia abordatzeko prest ginen.
“Oso aste berezia izan da niretzat, lehenengo aldiz hemengo jaietara joateko aukera izan dudalako. Kultura desberdina da, eta enekien zer zen abordatzea, baina zinez ondo pasa genuen”, dio Azzadinek. Egoera zaurigarrian dauden pertsonei buruz hitz egiterakoan, aisialdiaz disfrutatzeko aukerak izatearen garrantzia azpimarratzen du: “Bakoitzak egoera desberdin bat dauka, askorenak benetan gogorrak dira, baina guk ere deskantsatzeko beharra daukagu, ondo pasatzeko beharra. Ez dugu ekintzak egiteko aukera handirik”.
Lily Henningentzako ere lehenengo aldia izan da abordatzean parte hartzen. “Gure ontzietakoak hunkitu ziren gehien, liluratuta zeuden”, dio SOS Arrazakerian boluntario moduan dabilen gazte alemaniarrak. “Ideia azaldu zidatenean enekien ondo aterako ote zen, baina nola joan zen ikusita, benetan bai ideia ona iruditu zitzaidan! Super ondo pasa genuen, talde moduan lan eginez, eta niretzako hemengo ohitura baten parte sentitzea oso berezia izan zen. Oso polita izan zen bai parte hartu genuenontzako, bai ikusten zeudenentzako ere”. Lilyk ere balioan jartzen du ekintzan parte hartu izana batzuen aurreiritziak apurtzeko. Gazte hauek elkarri laguntzen, irribarretsu eta modu parte hartzaile batean ikusteak eragin positibo bat izan dezake pertsona migratzaileak soilik elementu negatiboekin lotzen dituztenengan.
“Badakit jaiak gazte boluntarioek antolatzen dituztela, eta nik ere boluntario izatea gustuko dut. Bai laguntzeko, baita jendea ezagutzeko ere”, dio Azzadinek. Abordatzean parte hartzeaz gain, gazteetariko batzuek ere txanda bat egin zuten La Flamenkan, portuan dagoen agertokian. Azzadinek eta Lilyk diote datorren urtean errepikatzeko irrikaz daudela, eta ziur daude gazte gehiago animatuko direla, harrotasunez erakusteko Donostia harrera hiria dela.