Zaborrekin "nazkatuta" daude Parte Zaharrean
Parte Zaharreko bizilagun askok, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen bidez, uda osoa pasatu dute auzoan pairatzen dituzten zabor pilaketak salatzen eta udalari irtenbideak eskatzen. "Egiturazko arazoa" dela diote, baina udan areagotu egiten dela.
Parte Zaharreko jendea «nazka-nazka eginda» dago bereziki udan auzoan sortzen diren zabor pilaketengatik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko Xabier Arberasen arabera. Hain zuzen ere, auzo elkartekoak buru-belarri aritu dira azken hilabeteotan, Parte Zaharreko hainbat gunetan egunero gertatzen diren zabor pilaketak salatzen. Horrela ere, Arberasek zehaztu du udatik harago doan arazo bat dela: «Egiturazko arazo bat da Parte Zaharreko hondakinen kudeaketarena, baina udako masifikazioarekin areagotu egiten da».
Pilaketa horiek gertatzeko faktoreak «asko» direla dio auzo elkartekoak, baina bi nabarmendu ditu: «Udalaren esku hartze eza eta egoiliar eta ostalari batzuen praktika txarrak».
Lehenengo faktoreari dagokionez, udalaren jarrera kritikatu du Arberasek: «Ez da gauza berria, udalaren ohiko jarrera da. Hain zuzen ere, azken hilabeteotan hainbat salaketa egin ditugu bide judizialetik, zaborren aferatik harago: terrazen ingurukoak, zamalanen ingurukoak, eta abar. Eta, ikusita udala zer berandu erantzuten ari den, aztertzen ari gara Arartekoari babesa eskatzeko aukera, duela bost urte egin genuen moduan». Zaborren aferari buruz galdetuta, Eneko Goia alkateak aitortu du udan zaborren kudeaketak arazoak sortu dituela Parte Zaharrean, eta gaiak «azterketa sakonago bat» behar duela uste du.
Praktika txarren harira, Arberasek salatu du ostalari batzuek ez dituztela arauak betetzen: «Behin eta berriro argazki bidez egin ditugu salaketa publikoetan ikusten dira praktika txar horiek, eta aipagarria da zabor poltsa pilaketa handienak ostalari batzuek eragiten dituztela».
Ildo horretatik, Parte Zaharrean, hiriko beste auzo batzuekin alderatuta, «hondakin kopuru izugarria» sortzen dela deitoratu du: «Nahiz eta 5.800 biztanle eskas izan eta 1,5 kilometroko perimetroa izan. Horren biztanle gutxirekin, oso erraza da ulertzea nork sortzen dituen hemen horrenbeste hondakin: ostalaritza establezimenduek. Eta, horri gehitzen badizkiozu auzo honek udan dituen bisitari guztiak, ekaitz perfektua sortzen duzu».
Nola eman buelta egoerari?
Auzoko zaborren kudeaketak dituen arazoei irtenbide bat emateko, landu beharreko hiru alderdi aipatu ditu Arberasek: «Lehenik, udalaren jarrera aldatu behar da. Bigarrenik, praktika onak sustatu behar dira, batez ere ostalarien artean. Hirugarrenik, EH Bilduren legealdian abiatu zen hondakin bilketaren eredua agortuta dago, egoerak gainditu egin du».
Izan ere, Parte Zaharrak bi zabor bilketa sistema ditu: bat egoiliarrentzat eta beste bat profesionalentzat eta elkarte gastronomikoentzat. «Teorian, ostalari, merkatari eta elkarte gastronomiko guztiek atez ateko bilketa dute, baina bistan da ostalari batzuk ez daudela ados sistema horrekin eta praktika txarrak egiten dituztela. Horrela, zabor guneak zabor monumentu bihurtzen dira: Mari kalea, Sarriegi plaza eta Aldamar kaleko ohiko hiru puntu», dio auzo elkarteko kideak.
Era berean, hondakin jakin batzuk ateratzeko ordutegiak daudela gogorarazi du Arberasek, baina salatu du askok ez dituztela errespetatzen: «Beira 08:00etatik 22:00etara bota daiteke soilik, baina ostalari asko 00:00etan oraindik afariak ematen ari dira, eta 00:00etan edo 01:00etan botatzen dute beira, zarata izugarria sortuz; eromena da». Garai batean, ostalaritza establezimenduek lokalaren barruan biltegia zutela gogoratu du Parte Zaharrean Bizikoak, eta, hain zuzen, beira hondakinak hurrengo egunera arte gordetzeko erabiltzen zutela, besteak beste. «Orain, ordea, biltegiak establezimenduen jardueraren parte dira. Lanaldia amaitzean, ostalariak ez ditu hondakinak bere lokalean izan nahi, eta edozein ordutan ateratzen ditu. Horrela, arazo hori denon arazo bihurtzen da», gehitu du.
Hain zuzen ere, auzo elkartekoek bilera bat izango dute laster udal teknikari batekin, eta gai hori bilerara eramango dute, besteak beste. Horrela ere, udalarekin oso harreman gutxi dutela deitoratu du Arberasek: «Harremana dugu, baldin eta guk deitzen badiegu. Ordea, udaletik ez digute ezertarako deitzen. Horregatik, lehentasun gisa ezarri dugu gure antolakuntza propioa eta auzoko gainontzeko eragileekin elkarlana, bakarrik ez goazelako inora. Eta, gauza bera egiten ari gara hiriko beste eragileekin ere».