Haizea Garai zinegotziak dimisioa eman du
Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak dimisioa aurkeztu du, udal taldeko bozeramaile Aitzole Aranetaren “jarrera” dela eta, Gipuzkoako Ezker Anitzaren koordinatzaile Arantza Gonzalezek ohar bidez jakinarazi duenez. Gonzalezen arabera, Aranetak “hitzez eta fisikoki jazarri” du Garai, “hainbatetan”. Ezker Anitzak halako jarrerak “gaitzesten” dituela nabarmendu du koordinatzaileak, eta ezin dituztela denbora gehiagoz onartu. Dimisioa hilaren 29ko udalbatzarrean gauzatuko da modu ofizialean.
Gogoratu behar da Elkarrekin Donostia udal taldea Ahal Dugu eta Ezker Anitza alderdiek osatzen dutela nagusiki, eta, hain zuzen ere, Donostiako Udalean dituen hiru zinegotzietatik, Ezker Anitzako bakarra Garai dela; Araneta eta Marta Huarte Ahal Dugukoak dira. Aurretik, behin baino gehiagotan egin dira publiko bi alderdien arteko desadostasunak: kasu esanguratsuena aurrekontuena izan zen, Ahal Duguko bi zinegotziek udal gobernuaren aurrekontuak babestu baitzituzten iaz, baina Garaik ez. Ikusteke dago orain, beraz, 2023ko udal hauteskundeetan berriz ere elkarrekin aurkeztuko ote diren bi alderdiak.
Erabakia aho batez hartu du Euskadiko Ezker Anitzko zuzendaritzak, “egoera bideratzeko saiakerak alferrikakoak izan baitira”, oharrean azaldu dutenez. “Horregatik, gure lankidearen osotasuna lehenetsi dugu, ezin baitugu jazarpenik eta indarkeriarik onartu, ez politikan, ez bizitzako beste edozein esparrutan”, gaineratu dute. Gonzalezen ustez, Aranetaren jarrerak ez ditu euren “balioak” ordezkatzen, eta “edozein pertsona ezgaitzen du kargu publiko bat betetzeko”.
Bestalde, Ezker Anitzak “eskertu eta balioetsi” egin du Garaik Donostiako Udalean egin duen “lan eskerga, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren politika elitistak salatuz eta alternatibak aurkeztuz, herritar guztiei bizitza duina bermatzeko eta hiria gutxi batzuek dirua egiteko erabiltzen duten espazio handi bat ez bihurtzeko”. Era berean, alderdiak nabarmendu du Donostian langile klasearen bizitza hobetzeko politika egiten jarraituko duela, Garairekin batera.