Erakusleiho lehiaketa antolatu dute Zinemaldiaren 70. urteurrena ospatzeko
Aurten, Zinemaldiaren 70. urteurrena dela eta, hiriko kaleak eta dendak girotzeko erakusleiho lehiaketa antolatu du San Sebastian Shops-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin, Donostiako Udaleko Sustapen Ekonomikoko Zinegotzigoarekin eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin batera.
Zinema, kultura eta filmak gaietan oinarrituta apainduko dira erakusleihoak. Zinemaldiak irauten duen egunetan egingo da lehiaketa, irailaren 16tik 24ra bitartean. Halaber, hiru kategoria izango ditu, eta protagonistak zinemarekin lotutako filmak, aktoreak eta gaiak izango dira. Dendek kategoria batean baino gehiagotan eman dezakete izena: erakusleiho originala, erakusleiho iraunkorra eta teknologia berrien erakusleihoa dira kategoriak.
Donostiako merkataritza jarduerarekin zerikusia duten merkataritza eta zerbitzu establezimendu guztiek eman dezakete izena doan. Izena emateko epea 2022ko irailaren 15ean (osteguna) amaituko da. Erakusleihoak irailaren 16an (ostirala) jarriko dira. Parte hartzen duten establezimenduek erakusleihoaren argazkia bidali beharko dute info@sansebastiansh.com-era, irailaren 16a baino lehen (hori barne), izen komertziala eta kokapena adieraziz.
Epaimahai ofizial batek aukeratuko ditu irabazleak, eta Zinemaldian zehar emango du saria. Kategoria bakoitzerako hiru sari emango dira, 1.000 eurokoak, Dssmarketplaza toki merkataritzako plataforman gastatzeko.