Metroarean igarobidearen Erdialdeko geltokia eraikitzeko zulaketa lanekin hasi dira
Euskal Trenbide Sareak (ETS) hedabide honi baieztatu dionez, Donostiako Metroaren hirugarren geltokiko lanak hasi zituzten pasa den astean. Albistea Noticias de Gipuzkoa hedabideak aurreratu zuen. Hain zuzen ere, hiriko erdiguneko lur azpian zulaketak egiten ari dira, Kontxa-Erdialdea geltokia egin ahal izateko. 16 metroko zabalera eta 14 metroko altuera izango ditu. Luzera, berriz, 100 metro ingurukoa izango da.
Morlanstik datorren tunela dagoeneko iritsi da Erdialdeko etorkizuneko geltokiaren puntu zehatzera. Horrela, galeria pilotu bat eraikitzen hasi dira, eta, aurrerago, amaitutakoan, beherantz eta alboetarantz zabalduko da, beste geltokietan egin den bezala, teknikariek haitzulo deitzen dioten zuloa lortu arte. Hirugarren geltokiak sarbide bat izango du Artzain Onaren plazatik, beste bat Londres hoteletik –Zubieta eta Easo kaleen arteko elkargunea– eta Easo kalean aurreikusitako igogailu bat.
Gainerako bi geltokien kasuan, Bentaberriko bukatuta dago, trenbideekin, altzariekin eta beste elementu batzuekin osatzeko zain. Morlanskoa, berriz, Easo plazako egungo geltokia ordeztuko duena, erabat bukatzen ari dira.
Hondartza azpian lanean
Maiatzean berrartu zituzten Mirakontxa-Easo zatiko lanak; hau da, Kontxako hondartzaren azpiko zulaketak. ETSk dio oraindik ez dituztela bukatu, baina obra aurrera doala. Gogora dezagun 200 metro inguru geratzen direla zulatzeko, eta, horrela Kontxa-Erdialdea geltokiarekin bat egiteko.